Mendi Jardunaldien barruko Negutrail topaketa izango da domekan
Javi Dominguez Ledo mendikorrikalari ospetsua izango da gonbidatu berezia Mendi Jardunaldien barruan Kalamua Korrikalari Taldeak antolatutako ekitaldi horretan. Aukera aprobetxatuz, domeka goizean egingo den irteera horretako parte-hartzaileek hiru geldialdi izango dituzte Javiri galderak egiteko, modu horretan ahalbidetuz bere esperientzia eurekin partekatzeko.
Goizeko 08:30ean abiatuko dira Klub Deportiboaren egoitzaren aurretik eta, badaezpada, antolatzaileek bi ibilbide prestatu dituzte, “eguraldiaren eta mendiaren baldintzen arabera”. Ibilbide bietako hasiera eta amaiera berdina izango dira, baina A ibilbidean Urkora igoko duten bezala, B ibilbidean Urko azpitik pasatuko dira. Zailtasun mailari dagokionez, erraza dela diote, eta A ibilbideak 13 kilometro eta erdi izango ditu eta B ibilbideak ia 14 eta erdi. Hiru ordutan edo hiru ordu eta erditan egitekoa izango da 880 metro (A ibilbidean) eta 774 (B ibilbidean) aurkituko duten goranzko metatua. Izen-ematea QR kodigo baten bidez egin beharko da (atxikita).
Javi Dominguez gasteiztarrak 168 kilometroko Ehunmilak bost aldiz irabazi ditu, G2H (88 kom) behin, Hiru Haundiak (100 km) beste bitan. Horrez gain, Gasteizko 10 mendiak (55 km) eta Tor des Géants (330 km) probetan ere nagusitu zen, azken horretan errekorra eginez. Ahaztu barik Europako mendietako Travesera (75 km) eta Gran Trail Aneto Posets (106 km) probak ere bereganatu zituela, hirugarren izanik Ultra Trail du Mont Blanc (167 km), Grand Raid de la Reunión (167 km) eta Hardrock 100 Endurance (161 km) maila handikoetan. Negutrailean berarekin solasaldia izateko geldialdiak Santa Kurutzen (3’5 km), Usartzan (7 km) eta Arrajolan (12 km) egingo dituzte, une horiek galderak egiteko aprobetxatuz. Akondiako tontorrean (5,5 km), bestalde, aterako dute talde-argazkia.