Mendiak APP Euskal Herriko mendien aplikazioa berritu da

Mendiak APP Euskal Herriko mendien aplikazioa berritu da
2023/11/14 09:49
eta kitto!
Mendiak APP Euskal Herriko mendien aplikazioa berritu du CodeSyntax-ek: arinagoa, osatuagoa, erabilgarriagoa eta politagoa da orain Mendiak APP. 30.000 erabiltzaile daude, euskal mendizaleek 125.000 mendi-igoera markatu dituzte eta 110.000 irudi ere gehitu dituzte datu-basera. Euskal Herriko mendien zerrendak, fitxak eta informazio praktikoa ematen da bertan, kokapena, altimetria, argazkiak, mapak eta abarreko informazioarekin. Une honetan 3.000 mendiren informazioa dago Mendiak APP-n eta norberak igotako mendiak markatu eta gordetzeko aukera ematen da. Aplikazioak estatistika pertsonalak ematen dizkio erabiltzaileari (zeintzuk mendi igo dituen, noiz, zenbat aldiz,...). Horrela, aplikazioa mendizalearentzat datu-base eta katalogo pertsonal modukoa ere bada.

2016an argitaratu zuen CodeSyntax enpresa eibartarrak Mendiak APPa. Harrezkero 50 eguneraketa baino gehiago izan ditu aplikazioak eta 2023ko urrian bertsio erabat berria argitaratu du, orain arteko antolaketa beretsuarekin, baina teknikoki berritua, arinagoa eta erabilgarriagoa.

Zazpi urte hauetan aplikazioak 30.000 deskarga baino gehiago izan ditu, euskarazko aplikazio batentzat marka handia dena, eta aplikazioaren bitartez 125.000 mendi-igoera markatu dituzte euskal mendizaleek eta 110.000 irudi ere gehitu dituzte datu-basera.

Informazio gehiago webean: https://mendiak.eus/