Mendian ibiltzeko hainbat plan proposatu ditu Klub Deportiboak

Joan den larunbatean Trabuko Bidearen 4. etapa egin zuten eguraldi bero eta eguzkitsuarekin
Mendian ibiltzeko hainbat plan proposatu ditu Klub Deportiboak
2026/05/26 13:00
Ekhi Belar Errasti

Klub Deportiboko mendizaleak martxa betean ari dira. Joan den larunbatean, maiatzak 23, Trabuko Bidearen 4. etapa egin zuten Larunbetik Latasara, eta datozen asteburuetarako beste irteera proposamen batzuk dituzte.

Beroarekin eta giro eguzkitsuarekin egin zioten aurre Trabuko Bideari, eta Antxon Narbaizak honako kronika bidali digu: “Joan zen larunbatean, hilak 23, 42 deporzalek Trabuko bidearen 4. zeharkaldia burutu genuen. Egun bikainarekin ekin genion Larunbe herrian. Hasteko, tontor batean datzan bertako San Vicente eliza erromanikoa miretsi genuen. Gero, bide erripatsuan Harrihaundi tontorrera iritsi ginen. Bertan monastegi baten aztarnak aurkitzen dira, baita Larrahe baskoien jainkosa (K.O. I. mendea).) estela ikusi. Bidea basoetan barrena doa, eskerrak! Horrela bero sargoria ekiditen joan ginen, Muskiz herri txukuna zeharkatu eta bira handi bat eginez Artola mendiaren gailurra zapaldu genuen: pagadiak denera zabaltzen dira, noizbehinka gaztainondo izugarriak ikusi genituen. Artolatik Erga gainerantz abiatu ginen, gure ibilbideko garaiera handiena 1080 metro inguru. Gailurra baino pixka bat beherago baseliza dauka. Ikuspegi bikaina aurrez aurre beheko aldean Ahizpabiak deituriko harkaitzak ikusten genituen, Iruiñerriko arroa, Aralarreko mendiserra, Pirineoak tamalez ganduak estaltzen zituen. Jaistaldiak basoan zehar berriro zuzen-zuzen Latasa herrixkara eraman gintuen. Irurtzunetik kilometro batera. Zeharkaldiak 22 kilometrotik gora izan ditu, 1200 metroko desnibela eta ia zazpi ordu mendiaz gozatuz”.

 

Ekainaren 6an, Burgosera

Obarenses mendietan (Burgos) egin daitekeen “zeharkaldirik erakargarrienetako bat” egiteko aukera emango dute Deporrekoek ekainaren 6an. Orbañanosen hasi, Umion igo (1.437 m) eta Friasen amaituko da ibilbidea. “Paisaia zoragarriak ikusteko aukera paregabea izango da”, Deporrekoen berbetan. Horren ondorioz, Trabuko Bidearen 5. etapa uztailean egingo dute.

 

Ekainaren 7an, Finalista Eguna

Oraindik informazio gehiago bidaliko diguten arren, ekainaren 7an Finalista Eguna egingo dela aurreratu digute Deporrekoek.

 

Ekainaren 13tik 14ra, Pirinioetara

Deporrek eta Elgoibarko Morkaiko Mendizale Elkarteak Pirinioetara irteera antolatu dute ekainaren 13 eta 14rako. Gabardito – Arlet – Ozako Ohiana ibilbidea egingo dute bi eguneko eta gau bateko ibilaldian.

Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi izanez gero, hona jo dezakezue.