Menditour-eko emanaldiekin hasiko dira gaur Deportiboko Mendi Jardunaldiak
2018/03/06
12:17
eta kitto!
Mendizaleek gozatzeko moduko emanaldiak izango dira Coliseoan gaur eta bihar, 19:00etan, mendia protagonista izango duten pelikulen proiekzioekin. Azken urteotako martxari jarraituta, azken Bilbao Mendi Film Festivalean ikusitako film onenetarikoak izango dira ikusgai saio horietan. Hilaren 6an Mikel Peñaren “Aurrera” (7 minutu), Ben Pageren “The Frozen Road” (24 min.) eta Jennfer Peedom australiarraren “Mountain” (73 min.) ikusi ahal izango dira. Lehenengoan 68 urteko Irene da protagonista, mendiko-lasterketak ezezagunak zirenetik hainbat proba egin dituena. Bigarrenak Bene egileak bakardade perfektuaren bila egindako abentura kontatzen du, Kanada Artikoan barna negu minean egindako bizikleta zeharkaldi gordinarena. Eta hirugarrenak “mendiarekiko gure lilura betierekoaren historian arakatzen du, argitzalez betetako historia loriatsu eta zurrunbilotsuan”. Hurrengo egunean, hilaren 7an, 4 minutuko “Where the Wild Things Play” Australiako laburra eskainiko dute hasteko. Krystle Wright-ek hainbat emakumezkoen balentriak erakutsiko dizkigu, “txundituta lagako zaituzteten jarduera bitxi eta bikainak egiten”. Jarraian 96 minutuko “Dirtbag: The Legend of Fred Beckey” filmean Dave O’Leskek 2017ko urrian 94 urterekin hil zen Beckeyren bizimodu bakartia kontatuko digu mendizaleari egindako tributuan, “tartean haren mendirako eta eskaladarako grina itsua erakutsiz”.
Saio bakoitzeko prezioa 5 eurokoa da eta aurresalmenta gaur bertan zabalduko da. Hilaren 22ko hitzaldiarekin eta 24ko eskaladarekin amaituko dira Jardunaldiok.
Saio bakoitzeko prezioa 5 eurokoa da eta aurresalmenta gaur bertan zabalduko da. Hilaren 22ko hitzaldiarekin eta 24ko eskaladarekin amaituko dira Jardunaldiok.