MendiTour-eko pelikulen bigarren saioa helduko da Coliseora bihar

Zerbait aldatu da, A ligne de l'ange eta Captains on el cap izango dira ikusgai egongo diren lanak
MendiTour-eko pelikulen bigarren saioa helduko da Coliseora bihar
2024/03/12 10:00
eta kitto!

Klub Deportiboko mendi batzordeak antolatutako Mendi Jardunaldien barruan, gaurkoaren ondoren bihar ere beste hiru pelikula eskainiko dituzte. Proiekzioa 18:30ean hasiko da, eta prezioa 5 eurokoa da.

 

Zerbait aldatu da

Eguazteneko, hilaren 13ko, saioko lehen pelikula euskarazko "Zerbait aldatu da" izango da. 10 minutuko lan hori Mikel Sarasolak zuzendu du.

Bere sinopsia: “Pirinioak muturreko kayakean aritzeko paradisua bihurtzen dira udaberrian, desnibel handiko ibai txikiak urtzarotik urez betetzen direnean. Eta mendikateko ibai guztien artean, hegoaldeko isurialdean, bat nabarmentzen da: Ara ibaia. Ezaguna da ur gardenak dituelako eta batez ere arrapala luze eta ikusgarriak dituelako. Pirinioetako harribitxia da. Jan Larrue eta Mikel Sarasola batu egin dira ibai hori iturburutik jaisten saiatzeko. Han goian aurkituko dutenak liluratuta utziko ditu, baina jaitsierak hain atseginak ez diren sorpresak ere ekarriko dizkie. Zerbait aldatzen ari da Pirinioetan”.

 

A ligne de l'ange

Bigarren filma 42 minutuko "A ligne de l'ange" izango da. Bertand Delapierre zuzenduta, Mendi Film 2023ko Argazkilaritza Onenaren saria jaso zuen eta frantsesez eskainiko dute, euskaraz azpititulatuta.

Bere sinopsia: “Nathan Paulin, beharbada munduan zeharkaldi gehien burutu dituen lacklinerra da. Bere pasioa 2 cm-ko zabalera duen zinta batetan ibiltzea da, pasioa lanbide bihurtzeraino, eta beti erronka berrien bila ari da. Bere linearik luzeena izan litekeena burutzeko erronkaren prestakuntzan lagun izango du kamera urtebete baino gehiagoz: 2.200 metroko zeharkaldia, Mont Saint-Michel konektatzeko”.

 

Captains on el cap

Egunekoari amaiera emateko, frantsesez eta ingelesez egindako "Captains on el cap" dago, euskeraz eta gazteleraz azpititulatua. 54 minutuko iraupenarekin, eguneko luzeena izango da eta Brian Mathé eta Morgan Mounchaud zuzendaritzapean dago eginda.

Bere sinopsia: “Seb Berthe-ren ametsa “The Dawn Wall” eskalatzea da, munduko biderik zailena, eta Belgikatik Estatu Batuetara, El Capitán-era, iristeko, ezohiko bidaia egingo du. Sei eskalatzaile, bi marinel eta txakur batek osatutako taldea bildu, eta Atlantikoa belaontzi batean zeharkatuko dute hasteko. Ameriketan, autokarabana mexikar zahar batean jarraituko dute bidea gero, Yosemiteraino. Eta behin hara iritsita, talde osoak lagunduko dio Seb-i The Dawn Wall-eko erronka itzelean”.