‘Mendizaletasuna eta natura’ izango da Juan San Martin bekaren ikerketa-esparrua 2023ko deialdian

‘Mendizaletasuna eta natura’ izango da Juan San Martin bekaren ikerketa-esparrua 2023ko deialdian
2023/07/11 10:40
eta kitto!
Juan San Martin bekaren 2023ko deialdian ‘Mendialetasuna eta natura’ izango da ikerketa-eremua. Eibarko ikertzailearekin estu lotutako gaia da, izan ere, San Martin Klub Deportiboko bazkide izan zen eta batzorde askotan egin zuen lan (horietako batzuk berak sortu zituen), eta mendizaletasunarekin eta eskaladarekin zerikusia zuten haren lanak herritik kanpo ere asko hedatu ziren.

Urriaren 12an amaituko da bekan izena emateko eskaerak egiteko epea eta hemen ikusi daitezke bekaren oinarriak.

 

Binomio banaezina

San Martin Mendi Batzordeko kidea izan zen 1942ko urtarrilaren 16tik eta Eskalada eta Goi-mendizaletasun batzordea sortu zuen 1943ko urtarrilean. 1949ko martxoaren 15ean Mendi Batzordeko lehendakari eta eskalada eta goi-mendi alorretako ordezkari izendatu zuten Miguel Etxeberriarekin batera. 1950eko hamarkadan, Aranzadi Zientzi Elkartearekin elkarlanean hasi zen espeleologiaren arloan, eskaladari buruzko ezagutza teknikoak zituelako.

Mendiari buruzko hainbat artikulu argitaratu zituen Pyrenaica aldizkarian. Bertan, mendiei buruzko fitxa tekniko ugari argitaratu zituen (adibidez, Euzko Etxea-Arri –Untzillatz–, 1954), marrazkiez eta argazkiez lagunduta. Klub Deportiboko buletin askotan ere mendizaletasunari buruzko artikulu asko argitaratu zituen.

1957ko maiatzaren 7an sortu zen Kultura Batzordearen menpeko natur-zientzien azpibatzordea —Fernando Zuloaga medikua buru zela—, eta San Martinek hartu zuen harren ardura. Natura, ingurumena, horixe zen bere kezka handienetako bat. 1962an, Club Deportiboko presidente izendatu zuten eta 1964an Kezka aldizkariaren sorrerarako aholkulari eta sustatzaile izan zen. Aldizkari horretan, haren artikulu ugari eman ziren argitara, asko eta asko mendizaletasunari buruzkoak.

mendizaletasuna eta natura juan san martin beka kartela