Merkataritza dinamizatzeko bulegoa merkatu plazan zabaltzeari "barregarria" deritzo Errebal Bizirik plataformak

Lehengo Merkatu Plazan zeuden denda guztiak itxi eta gero, orain dinamizatu nahi den komertzioa zein den galdetzen diote bere buruari.
Merkataritza dinamizatzeko bulegoa merkatu plazan zabaltzeari "barregarria" deritzo Errebal Bizirik plataformak
2025/07/03 16:22
eta kitto!

Lehen merkatal-jarduera zegoen tokian merkataritza dinamizatzeko bulego bat zabaltzea “barregarritzat” jo du Errebal Bizirik plataformak, eta salatu dutenez “Merkatu Plaza ordezkatu zuen Errebaleko proiektua etengabe ari da diru publikoa xahutzen ”. Plataformatik salatu dutenez, “Gobernu-taldeak argitaratzen dituen albisteek bere kudeaketaren porrota agerian laga baino ez dute egiten, eta porrot hori ezkutatzen saiatzen ari dira, diru publiko gehiago xahututa”. Elkarte horrek adierazi duenez, “Merkatu Plaza preziatu bat eraitsi ondoren, eta lehendik zeuden negozio guztiak bertatik bota eta gero, orain merkataritza dinamizatzeko bulego bat bertan jartzea erridikuluaren gaindia da. Errebalen kudeaketaren historia, 1999az geroztik, zentzugabekeria hutsa da, parekorik ez duena”.
Errebal Bizirik-ek gogorarazi duenez, eraitsi zuten Merkatu Plazan arrandegi, harategi, fruta-denda, taberna-kafetegi, beste postu batzuk (izoztuak, okindegia, bakailao-saltzailea, aterki-konpontzailea…), baserritarrentzako gunea, bulegoak (horien artean KIUB) eta bainu publiko ugari zeuden, “eta, era berean, Musika Eskola eta hiru kiosko ere eraitsi ziren (prentsakoa, litxarrerietakoa, eta ONCErena), jarduera ekonomiko horien guztien ordez beste taberna bat eta postu pare bat jartzeko. Hori da PSEk erantzun behar duen balantzea, gaur egungo alkatea buru dela. Noizko herritar guztiei irekitako saioa, aurpegia emateko?”.
Plataformaren arabera, askok galdetzen diote bere buruari zein den dinamizatu nahi duten komertzio hori, “orain, plazan dendarik ez dagoenean? Lotsa gutxi izan behar da gero!”. Amaitzeko, gobernu-taldeak beste proiektu batzuk nola kudeatzen dituen ere kritikatu dute: “Aitortu behar dugu Iraola jauna kea saltzen artista dela, eta hori edonork egiazta dezake egingo direla agindu eta aldian-aldian errepikatzen diren proiektuei buruzko albisteei jarraipena eginez gero”.