Merkatu plazaren ingurukoak argitzeko bilera egingo da gaur
Gaur (astelehena, hilak 21) arratsalderako, 18.00etarako bilera deitu du Maria Jose Telleria Ekonomia eta Garapen batzordeburuak (udaletxean), "nahi duten guztiek Eibarko Plazaren inguruan batzordekide guztien artean adostutako asmoak eta egindako hausnarketak zeintzuk izan diren ezagutzeko aukera eduki dezaten". Telleriaren berbetan, "horrela, bilerara etorrita, parte-hartze prozesuaren emaitzek zinegotzi guztien onespen osoa, baita EAJ-PNV alderdikoena ere jaso dutela, gauzak alderdi guztiek bat eginda eta adostasun osoz egin direla ikusiko dute".
Herritar guztientzat zabalik egingo den bilera merkatu plazaren etorkizunaren inguruan azken asteotan argitaratu den informazioak piztu duen eztabaidaren harira deitu du: "Nire ustez hauxe da hika-mika honekin amaitzeko modurik garbiena. Herritarrei diedan errespetuarengatik ez naiz hasiko EAJ-ren Juntaren deklarazioak baloratzen. Baina, edozein modutan ere, ondo egongo litzateke Batzokiak dioen hori batzordeetan parte hartzen duten zinegotziek duten iritziarekin bat etortzea". Horrekin batera, udal gobernu-taldeak "egiten dituen deklarazioetan eta portaeretan erantzukizuna eta koherentzia" eskatu dizkio EAJ-PNVko Juntari, "alderdiak berak barruan dituen borroka horiek udal-kudeaketara ez zabaltzea" gaineratuta.