Miguel Angel Elizaga dultzaineroa hil da, 92 urterekin

Eibarko sanjuanetan urte gehien egin zituen dultzaineroa aurreko zapatuan hil zen.
Miguel Angel Elizaga dultzaineroa hil da, 92 urterekin
2025/03/26 11:15
eta kitto!

Musikarien sagakoa zen Miguel Angel, Hermanos Elizagako partaidea, eta 60 urte baino gehiago eman zituen gurean Estaziño kaletik irtetzen den Sanjuanetako hasierako kalejiran parte hartzen, harik eta 75 urterekin, orain dela 17 urte, Eibarko ibilbidea amaitu arte. Iruñeako Sanferminetan oraindik eta urte gehiago eman zituen.
Bere aitita Anselmorekin hasi ziren Elizagatarrak dultzainaren munduan, 1880 inguruan, hura instrumentu horretako historiako konpositore handien bezala hartzen den Julian Romanoren diszipulu zuzena izan baitzen. Behin XX. mendean sartuta, Moises Elizagak (Anselmoren seme eta Miguel Angelen aita) ekin zion sanjuanetan Eibarrera etortzeari, bere anaia Erilberto eta Ferminekin. Ohiturarekin jarraitu zuten ondoren Miguel Angelek eta Moises bere anaiak. Miguel Angelen hiru semeak ere (Mikel, Javi eta Carlos) musikariak dira, baina dultzainaren tradiziotik kanpo egin dute bidea.
Eibarren egindako azken urtean, 2008an, ondo merezitako omenaldia jaso zuen eta parte hartu zuen baita Estaziñoan dagoen dultzaineroaren eskultura kokatu zutenean.