Mikel Arrillaga saritu dute Mungiako San Antontxu bertsopaper lehiaketan

Mikel Arrillaga saritu dute Mungiako San Antontxu bertsopaper lehiaketan
2023/01/17 12:08
eta kitto!
Mikel Arrillaga bertsolari eibartarrak hirugarren saria irabazi du Mungiako XXIV. San Antontxu bertsopaper lehiaketan, “Maitasun istorio bat” izenburuko sortarekin. Lehen saria Urko Egaña bertsolari azpeitiarrak irabazi du “Alde bakarreko begiradaz sortarekin eta bigarren saria Iñigo Legorburuk eraman du “(H)Ilbetez lanarekin. Sari banaketa aurreko domekan, San Antontxutako jaialdiaren amaieran egin zuten. Lehiaketa Mungiako Taket bertso eskolak antolatzen du, hango Udalaren babesarekin. Jarraian daukazue eibartarrari saria eman dion bertso sorta.

Maitasun istorio bat


Mikel Arrillaga - 3. Saria

Doinua: Norbere mundu intimo

1.-
Bi mila eta hamaika
apirila, larunbata,
hilak bi egun zituen
ondo gogoan dut data.
Bazkalondoan nengoen
sofa zaharrean botata,
siesta egin nahian baina
burua azkar bueltaka,
bihotza ere ari zen
saltoka, taupa-taupaka,
hain zen bortitza barrua
erauntsi zidan enbata.
Lagunari deitu nion
urduri, arrapataka,
Eibarrera jaitsi zedin
juerga tokatzen zela (e)ta.
(BER)

2.-
Gauak betiko larunbat
lauso, gris eta kaskarren
itxura errepikakor
aspergarria zekarren,
baina halako batean
batek daki zenbatgarren
tabernan hiru Ermuko
neska zebiltzan pozarren.
Berriketan hasi ginen
ahalik eta azkarren,
begirada hark erasan
arte kanpo eta barren.
Irribarreak istant bat
soilik iraun zuen arren,
zer ez nukeen emango
goizero ikustearren. (BER)

3.-
Nahiz eta hiru neskekin
segi genuen parranda,
bakarrak eragin zidan
sentsazioen eztanda.
Ryderretik irten ginen
kubata bana edanda
eta neskak egin zuen
aterkiaren demanda;
barruan ahaztu zitzaion
hor heldu zen nire txanda:
“lasai lagunduko dizut”
belarri ertzera esanda.
Arriskua hartu nuen
eskua goxo emanda,
hitz totelka esan nion:
zure aterkia bertan da.
(BER)

4.-
Eskua eman izanak
bota zuen izotz-horma,
energia bizia zen
uneoro zeriona.
Behar zenean arina
behar zenean sakona,
naturaltasun handia
isurtzen zuen pertsona.
Gaua berehala joan zen
hitz eta pitz bromaz broma,
eta gosaltzeko leku
polita zen La Tahona.
Auskalo zer eman nion
lata txarra lata ona...
Zeinen ondo bustitzen zen
kafesnetan zoriona. (BER)

5.-
Igandean izan nuen
aje bat gozo-gozoa,
tximeletak urdailean
irribarre inozoa.
Hain izan zenez ederra
larunbatean jazoa,
oso ondo pentsatuta
bota behar zen lazoa.
Mezua bidaltzea zen
nire hurrengo pausoa,
itxaropena banuen
baina ez oso-osoa.
Magia egin nahi arren
irudimena lausoa,
xisteratik ihesean
joango ote zen usoa? (BER)

6.-
Goxoa bai ñoñoa ez
samurra eta apala,
bihurri kutsuarekin
ez noski formal-formala.
Naturala izan nahi nuen
ez pedante bat petrala,
berba batean normala
ai baina zer zen normala?
Azkenik joan zen mezua
majo kostatako bala,
desio bat soilik nuen
erantzun ziezadala,
hala ere, ez zitzaidan
ailegatu berehala,
eta nik huraxe behar
jonkiak droga bezala. (BER)

7.-
Telefonora begira
hasieran zen aldika,
gero ia uneoro
hain zen handia irrika.
Hiru egun luzetara
nengoenean etsita,
baiezkoa iritsi zen
elegantea, polita.
Igandean Donostian
bukatuko zen Korrika
eta prestatu genuen
kapitalera bisita.
Oinek lurra utzi zuten
primeran joan baitzen zita.
Umeen eskutik berdin
joaten da gorantz puxika.
(BER)

8.-
Jada hasi zen mezuen
zirkulazio azkarra,
elkarrekin egotea
bion nahi eta beharra.
Bilbon arrats umel baten
euria zen barra-barra,
birraz birra bete behar
taberna zahar haren barra.
Berriz berri eta gaiz gai
sute bihurtu zen garra,
begien distirek zuten
eguzkiaren indarra...
Momentu hartan sortu zen
fenomeno bat bakarra:
Bilbon atera zen zortzi
koloreko ortzadarra. (BER)

9.-
Bueltan trenez gentozela
bi neraberen antzera,
nola heldu ote ginen
Evaristo aipatzera?
Biok haren miresleak
eta sutsuak, gainera,
jakina, ausartu ginen
ozen-ozen kantatzera,
eta gauaren magia
hantxe zegoen atzera,
bioi atera zitzaigun
kanta baten zati bera:
Birjinaren psikiatra
Joseri kontatzen zera...
Jada ez nuen neu izan nahi
nahi nuen biok batera.
(BER)

10.-
Getarian, arratoian
eguzkitan, epeletan...
“Elkarrekin al gabiltza”?
Dardara hezur denetan.
“Bai elkarrekin gabiltza”
etorri zitzaidan bueltan,
eta a zer lasaitua
hartu nuen hantxe bertan!
Bakardadeak laguntzat
ninduen hainbat urtetan
eta betiko ito zen
Getariako uretan.
Ordutik bidelaguna
izan dut mundu honetan
eta oroitzapen denak
heltzen zaizkit koloretan.
(BER)