MIKEL GOROSABEL: "Herria maite dugunez, badakigu Ipuruan jotzea oso gauza polita izango dela”

MIKEL GOROSABEL: "Herria maite dugunez, badakigu Ipuruan jotzea oso gauza polita izango dela”
2025/09/19 13:02
eta kitto!

Hilaren 27an (zapatua) ospatuko dira Ipuruako jaiak. Musika eskaintzaren artean, EH Sukarra rock talde eibartarra izango da oholtza gainean. Eibartik kanpo bizi bada ere, jaioterrira itzultzeko gogoz da Mikel Gorosabel, ‘Norton’.

Zer moduz zaude? Ipuruako jaietan jotzeko gogotsu?

Bai, nola ez! Eibarren jotzeko gogoa dugu beti eta Ipurua moduko auzo batean are gehiago. Lotura handia dut auzo horrekin txikitako bizipenak direla-eta. 

Anekdota ugari izango dituzu auzo horretan.

Bai, bai (barrez). Isasi 17an jaiotakoa naiz, baina guk Abontzan jolasten genuen. San Cristobal, Guardia Zibila eta etxe gorrien inguru horretan ibiltzen ginen. Gure parrokia umetan San Pio zen. Guardia Zibila eta Astelena frontoiaren atzeko aldean, bien artean, aspaldi baserri bat eta aroztegi bat zeuden. Dena berdea zen, ez zeuden gaur egun dauden etxerik. Eibar zaharraren azken aztarnak izan ziren leku horiek. Inguru horretan hazi nintzen ni.

Ez da Ipuruan jotzen duzuen lehenengo aldia.

Etxe gorrietan behin jo genuela esango nuke. Duela urte asko izan zen hori. 

Zer esan nahi du zuentzat zuen herrian jotzeak?

Alde batetik ilusioa ematen digu, eta bestetik errespetua. Errespetua gure herria delako. Gainera, ez da berdina Arraten, Untzagan edo Ipuruan jotzea. Leku bakoitzak bere argitasuna edo berezitasuna du: bere magia.

Hogeita hamar urtez ibili zarete oholtza gainean. Asko ikasiko zenuten urte hauetan.

Hogeita hamar urte baino gehiago! (barreak). Ikasi? Noski. Urteen poderioz gauza batzuk irabazten dira eta beste batzuk, agian, galdu. Nik uste dut hor badagoela “ekilibrio” bat. Eta heldutasunak beti dakar bere alde ona: honaino iritsi garela eta hemen gaudela, musikaren bitartez nortzuk garen erakusteko gaitasuna dugula eta badakigula oso maitatuak garela. Herria maite dugunez, badakigu Ipuruan jotzea oso gauza polita izango dela. 

Nola ikusten duzu Euskal Herriko panorama musikala?

Oso positiboki baloratzen dut. Uste dut musika originala Euskal Herrian oso bizirik dagoela. Bai rock-ean, bai beste hainbat estilotan. Jendearengara iristen diren proiektu potente berri asko bat daude: Marte Lasarte edo Ezpalak taldeak, adibidez. Pozgarriak dira Euskal Herrian estilo aldetik dugun aberasgarritasuna eta jendea erakartzeko dugun gaitasuna.

Euskal Herriko musika-industriari begira, ordea, ez dut iritzi bera. Globalizatuta eta beste dibisio batean dagoela uste dut. Negozioa besterik ez dute bilatzen, kulturaren kaltetan. Makrofestibalak dira horren erakusle, esaterako.

Aurrera begira, EH Sukarrak ba al du proiekturik eskuartean?

Bueno… ez naiz gezurretan aritzekoa, baina ezin dut ezer ez aurreratu. Hori bai, ez dakit zein formatutan egingo dugun. Gure aldetik, ez dugu diskorik aterako. Globalizazioaren aurrean, gu lasai ibiltzen gara, “kontrakorrientean”. Askok ez dakite gaur egun lanean eta taula gainean gabiltzala ere. Ezagutu eta maite gaituztenak gure gorabeheren jakitun dira. Bestalde, bagabiltza sukaldean. Tantaka-tantaka gauza onak egin nahi ditugu eta aurrerantzean izango duzue gure berri.

Ipuruan gertukoak, betikoak eta belaunaldi berriak elkartuko dira. Zer esango zenieke?

Bertara joateko erraztasuna dutela esango nieke eta animatu daitezela. Ez da Untzaga, baina bost minutura izango gaituzue (barreak). Leku txikiagoa edo jasoagoa izango da eta horrek beti ematen dio berotasuna.