Mikel Guerra, eskubaloi atezaina: "Vucinic maisu handia izan da niretzat"
- Noiztik eskubaloian eta zutoinen artean?
Hiru urte eta erdi dira dagoeneko, Arratek atezaina behar zuela enteratu nintzenetik. Kantxako jokalari ere jardun nuen hasieran.
- Beste kiroletan ibili zara?
Errugbian bizpahiru urtetan.
- Gogorra izan da Arratetik Eibar Eskubaloirako jauzia?
Nahiko antzera dihardugu, teknikoek-eta jarraitzen dutelako. Pena izan zen Arrateren desagerpena, baloratu behar baita Bartzelona moduko talde handiak Eibarren ikustea.
- Azken denboraldiko sarien artean, zeinek egin zizun ilusio handien?
Euskal Ligakoan lortutakoak meritu handiagoa du, denboraldi osokoa delako eta jokalari onenarentzat. Leonen eskuratutakoak atezain onenarena zen eta txapelketa hartakoa bakarrik.
- Idolorik bai ate azpian?
Omeier Frantziako selekzioko atezaina eta orain At. Madriletik Bartzelonara joan den Sterbik. Ez dut ahaztu nahi Gojko Vucinic Arrateko atezaina izandakoak eskaini didan laguntza. Asko erakutsi dit eta prest dago beti laguntzeko.
- Eskubaloia ez dabil txapliguak botatzeko moduan...
Ez. Telebistan gutxi ematen dute eta, jarraitzen badut ere, kostatzen zait informazioa jasotzea.
- Zein dohai dituzu atezain moduan?
Zeozer nabarmentzekotan, flexibilitatea; bizkor mugitzen naiz. Hala ere, badut oraindik zer hobetu.
- Zelako esperientzia izan duzu selekzioekin?
Oso ona. Hiru urte dihardut Euskadikoarekin. Espainiatik ere deitu zidaten, baina diru kontuengatik ez nintzen joan.
- Ikasketekin konpatibilizatzea erraza egiten zaizu?
Batxilergo Artistikoa dihardut ikasten eta ondo noa, azterketekin-eta ez dut arazorik.
- Baduzu ametsik?
Noizbaiten goi mailan jokatzea gustatuko litzaidake.
- Denboraldi berrirako, zer asmo dituzu?
Goragoko mailan jokatuko dugu eta ez da iaz bezain erraza izango. Ea lehenengo bosten artean sailkatzen garen.