MIKEL LARRAÑAGA: “Eibarko etxe bakoitzean behintzat futbolaren euskarazko hiztegi bana egotea da gure asmoa”

SD Eibar Fundazioak futbolaren euskarazko hiztegia sortu du eta ...eta kitto! aldizkariarekin jasoko duzue gaur
MIKEL LARRAÑAGA: “Eibarko etxe bakoitzean behintzat futbolaren euskarazko hiztegi bana egotea da gure asmoa”
2025/05/23 09:50
eta kitto!

Futbolean euskararen tokia aldarrikatzeko asmoz, SD Eibar Fundazioak futbolaren euskarazko hiztegia sortu du, futbolaren munduan gazteleraz esaten diren hitzak euskaraz nola diren azalduz. Horrela, Fundazioak triptiko moduko bat sortu du ehundik gora berba euskarara itzulita.

Futbolak berezko hiztegia dauka eta, askotan, euskaraz egiten dugunean ere, gaztelerazko edo ingelesezko berbak erabiltzen ditugu. Horri aurre egiteko sortu du euskarazko hiztegia Eibarrek eta, gizonezkoen lehen taldeak Huescaren aurka jokatutako neurketan banatzeaz gain, aldizkari honekin batera aurkitu dezakezue. Proiektua SD Eibarren Euskara Batzordeak sortu du eta Euskararen Baloia ekimena da horren ardatza. Hain zuzen ere, aste honetan erabaki dute zeintzuk diren aurtengo irabazleak: Mogel ikastola eta Aldatze ikastetxea.

 

Nola sortu da futbolaren euskarazko hiztegia sortzeko aukera?

Hiztegia gure politika baten ondorio da. Orain dela hilabete gutxi, …eta kitto! aldizkarian argitaratu zen gutun batean norbaitek aipatzen zuen Ipurua ingurutik zebilela entrenamendu bat ikustera joan zela eta euskara bakarrik entzun zuela. Klubaren Euskara Batzordean egin den lanarengatik da hori horrela. Gaur egun esan dezakegu gure harrobiko neska-mutilek euskara bakarrik erabiltzen dutela. Hori lortu eta gero, euskara bateratua lortzea zen helburua. Futbolean nahiko argot berezia dago eta hori paperera eraman nahi genuen, Emun-en laguntzarekin euskarara itzulita. Horrela, hiztegia gure ume guztiek dute eta futbol zelaian ere zaleei banatu izan zaie. Izan ere, hori ere beste helburu potente bat da: Ipuruako harmailetan euskaraz gehiago egitea. Eibarko etxe bakoitzean behintzat hiztegi bana egotea da gure asmoa.

Aipatutako futbolaren argot hori oso barneratuta dago zaleengan. Zaila izango da ohiturak aldatzea?

Hitz batzuen erabilera aldatzea badakigu zaila dela, baina asmoa da neurri batean ohiturak aldatzea. Umeak entrenatzen ari direnean, adibidez, ‘lateral’ esan beharrean ‘hegalekoa’ esatea, eta abar.

Hiztegia ez da izan futbolean euskarazko berbak erabiltzearen alde egin duzuen lehenengo egitasmoa, ezta?

Hori da! 2019an …eta kitto! Euskara Elkartearekin poster bat sortu genuen, irudien bitartez futbolaren inguruko berbak euskaraz nola esaten ziren azaltzen zuena. Antzeko egitasmoa izan zen eta bata bestearen osagarri izan daitezke. Posterrak kiroldegietara eta ikastetxeetara bidali genituen, eta taberna askotan ere ikusi izan ditugu eskegita. Jokoa eman dute, jendeak asko begiratzen dituelako. Eta jokoak aipatuz, hiztegiarekin ere asmatu dugu zerbait…

Jolas moduko bat?

Bai, hori da. Triptikoaren atzeko aldean ikusi daitekeen bezala, erronka bat proposatzen dugu: partidu bakoitzean hiztegiko bost erabiltzea, esaldiak sortzea eta lagunei erakustea, eta sare sozialetan hiztegiko hitzak erabiltzen bideoa zabaltzea #EuskararenBaloia traolarekin. Gainera, Euskararen Baloiaren ekitaldi bakoitzean etorri diren ikasleei hiztegia banatu diegu eta eskoletan erabiltzeko materiala izatea ere bada gure asmoa.

Ez dira Euskararen Baloiaren ekitaldietan banatzen dituzuen gauza bakarrak, ezta?

Ekitaldi bakoitzean ikasle bakoitzak Euskararen Baloiaren erreplika duen giltzatakoa, posterra eta hiztegi bana eramaten du, eta gela bakoitzari baloiaren beste erreplika handiago bat ematen diogu. Baloi horrek eurekin jarraituko du gelan, urtetik urtera, Lehen Hezkuntza amaitu arte. Irakasleak mahai gainean edukitzen du eta baten batek erdarara jotzen badu, baloia erabiltzen du euskaraz egitea gogorarazteko. Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzari esker banatu ditzakegu hainbeste gauza, baina ez nuke dirulaguntza bakarrik aipatuko, baizik eta euren gertutasuna eta babesa. Egitasmo honetan asko inplikatu dira eta Euskararen Baloiaren proiektua Euskadiko beste klubetan aplikatzea nahiko lukete.

Euskararen Baloia proiektu arrakastatsua izan den seinale da hori, ezta?

Euskararen Batzordea martxan jarri genuenean, helburu nagusia euskararen erabilera indartzea zen. Laster konturatu ginen euskararen etorkizuna umeen ahoan dagoela; eurek euskaraz eginez gero, euskarak aurrera egingo lukeela. Horregatik sortu ditugu Euskararen Baloia, hiztegia, eta abar. Euskara Batzordean harrobiko teknikari bat dago eta bere eskutik ume guztiak euskaraz jarri ditugu.