Minbiziaren Aurka Eibarren bigarren martxa zapatuan egingo da
Azaldu dutenez, elkarteak hiru helburu finkatu ditu aurten: gizartearen parte-hartzea areagotzea, jarduera fisiko solidario baten bitartez; minbizia ikusaraztea gaixotasunaren inguruko tabu soziala ezabatzeko; eta kirolaren bidez bizimodu osasungarria sustatzea. Maria Amor, Eibarko elkarteko presidentearen berbetan, “Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean gauza bat dugu oso argi: pazientea eta bere senideak erdigunean jarri nahi ditugu. Horregatik, jarduera honekin lortzen ditugun onura guztiak pazienteei eta senideei doako zerbitzuak eskaintzen jarraitzera bideratuko ditugu”. Bestalde, Jon Iraola jarduneko alkateak esan duenez, “2019ko edizioak pertsona ugari bildu zituen eta, aurten ere, herritarrak ekimen solidario honekin berriro bat egitera animatu nahi ditugu”.
Dortsalak, kamiseta barne, honako toki hauetan eros daitezke: Untzagako jubiletxean, Amaña es la Caña kioskoan eta Minbiziaren Aurka elkarteak Eibarren duen egoitzan (Ardantza kalea, 11 / 10:00etatik 13:00etara). Gaurko aurkezpena amaitu aurretik, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak eskerrak eman dizkie Eibarko Udalari, “martxaren babesle nagusia izateagatik, baita edizio honetan parte hartu duten gainerako laguntzaileei ere”.