Miren Amuriza izango da bihar “Harixa Emoten” saioan

Irakur taldeko kideekin “Pleibak” liburuari buruz berba egitera etorriko da Eibarrera bihar, otsailak 10.
Miren Amuriza izango da bihar “Harixa Emoten” saioan
2026/02/09 16:50
Ana Aizpurua

Miren Amuriza idazle berriztarra egongo da bihar Portalea Kultur Etxean Eibarko Liburutegiak …eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatutako Harixa Emoten saio berrian.

"Pleibak" Aurizaren bigarren nobela da. Istorioak nerabezaroko harreman bat du ardatz, gaurtzarotik kontatua. Hizkuntzarekin esperimentatu du egileak, eta ahozkotasunetik hurbil dagoen testu bat sortu.

"Nerabe paisaia rural-poligonero bat, institutuko korridore atenporalak, Morora busean jaistea eta belodromora motorrean igotzea, Hemendik At, Chenoa, Su Ta, lokaleko maromoak eta txosnetako Goi Gerlariak, Largo eta Beda Agarreko sukaldean, erantzun gabeko perdidak, behor hezurrak, istripu bat.

Umezaroa elkarren itzalean zabuka igaro ostean, gaur da eguna kalean gurutzatu eta batak bestea ignoratzen dutena. Distantzia horrek sorrarazten dion amorrazio retroaktiboak sakatuta zuzentzen zaio Jone Pollyri; neskatotan, ahoak nola-hala estali eta eskugaina eskugainaren kontra igurtziaz musukatzen zuen txaleteko bizilagunari.

Ezer gertatu ez zenean gertatu zen guztia jasotzen du Miren Amurizaren bigarren nobelak, egonezin primario bat, partekatua izan zen bide baten adarkatzea. Sasoi baten erretratua da kontakizun hau, belaunaldi bat ordezkatzen duten erreferentzia ugarirekin eta zikinak jandako hizkuntza batekin eraikia".

Idazle  19:00etatik aurrera izango da Portaleko batzartokian. "Harixa Emoten" ekimena Eibarko Udal Liburutegiak antolatzen du, ...eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean.