Mugarrien lana formatu guztietarako sareratu dute

Mugarrien lana formatu guztietarako sareratu dute
2014/11/20 00:00
eta kitto!

Gaur goizean (azaroak 20, eguena) prentsaurrekoan aditzera eman dutenez, "Eibarko mugarriak: ikerketa-lana eta landa lana" izenburukoa sarean, www.egoibarra.com webgunean ikusgai ipini dute Ego Ibarra batzordekoek. Julian Etxeberria, Periko Iriondo eta Angel Treviño Klub Deportiboko kideek egindako lanak gure udalerriko mugarri guztien egoera jasotzen du. Aurkezpenean azaldu dutenez, "herriaren mugarriak herri-oroimenaren elementurik esanguratsuenak ditugu, udalerriaren jatorria eta herri-ondarea seinalatzen dute. Izan ere, aldameneko herriekin zein lekutan elkartzen garen adierazten dute harritzarrek".
Interneten eskuragarri ipinitako lana egiteko, lehenik eta behin Udal Artxiboan zeuden mugarrien aktak aztertu zituzten eta, ondoren, lan horri zegokion landa-lana 2013ko urtarriletik maiatzera bitartean egin zuten, jarraian, 2013ko maiatzaren 31n Ego Ibarra batzordean aurkezteko: "Harrezkero, lana ontzen joan dira eta mugarriak ezagutzeko ibilaldiak ere antolatu dituzte".
Sarean formatu guztietarako (tabletetarako, mugikorretarako…) kaleratuko dena lan horren emaitza da. Lana kontsultatzen duenak mugarriaren zenbakia eta izena (Euskaltzaindiak onetsia), koordenadak eta zein alturatan dagoen ikusiko ditu beste ezer baino lehen. Eta, hortik aurrera, mugarri bakoitzaren fitxa osoa eta argazkiak agertuko dira: harri-mota, harriaren itxura, inskripzioak, mugarria herri-artekoa edo probintzien artekoa den, leku-izena, zein egoeratan dagoen eta aurreko mugarritik zenbat metrora dagoen. Euskarazko testua Mikel Ziorraga Urizar eibartarrak egin du.