Mugikortasunaren Astea ospatuko da Eibarren domekan
Udalak Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearekin bat egingo du eta horretarako domekarako (hilak 23rako) programazio berezia prestatu dute Debegesaren, CDR-en, Euskotrenen, Debabarrena txirrindulari taldearen eta Eibarko Txirrindulari Elkartearen laguntasunarekin. Goizeko 10.00etan hasi eta 13.00ak bitartean Untzagan bizikleta elektrikoen erakustaldia egingo dute eta nahi duenak probatzeko aukera ere izango du. Horrekin batera, Debabarreneko Garraio Publikoaren mapa eta ordutegiak banatuko dituzte; eta Eibarko Txirrindularien Elkarteak antolatuta, Pedal Eguna ospatuko dute. Besteak beste martxa zikloturista eta mountain bike martxa egingo dira eta umeendako ginkana ere ipiniko dute martxan. Eta programari amaiera biribila emateko, 13.00etan Untzagatik bizikleta martxa irtengo da, Karmen kaleraino jaitsi eta berriz ere Untzagan amaitzeko.