Munduari Kolorea Ematen elkarteak janari-bilketa egingo du irailaren 29-30ean

Munduari Kolorea Ematen elkarteak janari-bilketa egingo du irailaren 29-30ean
2023/09/25 11:59
eta kitto!
Gipuzkoako Elikagaien Bankuari laguntzeko elikagai-bilketa antolatu dute Munduari Kolorea Ematen GKEko kideek irailaren 29 eta 30erako.  Iazko emaitza ona ikusita –1.214 elikagai kilo batzea lortu zuten–, aurten ere Untzagan egongo dira ekitaldi desberdinekin: tonbola, jokoak...

Orain dela bi urte "Munduari Kolorea Ematen" izeneko proiektua sortu zuen Eibarko gaztetxo talde batek, Elikagaien Bankurako janaria lortzeko asmoz. Aurten ere Untzagan izango dira, irailaren 29an eta 30ean, premia dutenentzako jamaria eta dirua jasotzen.

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Iaz oso emaitza onak lortu zituzten. "1.214 kilo elikagai jaso genuen eta Bergaran dagoen Elikagaien Bankura joan ginen, bildutakoa entregatzera. Aurten, helburua kopurua hori bikoiztea da. Beraz, herritarrei dei egin nahi diegu parte hartzeko", esan digute.

Proiektua La Salle ikastetxeko  Maitane, Amaia, Malen eta Anek sortu zuten LHko seigarren mailan zeudenean, familia askori eragiten zien elikadura-krisi gero eta handiagoak hunkituta. "Hasieran  lau ginen, baina  gero laguntza eskatu genuen gelako lagunen artean eta gaur egun 15 lagun inguru gara. Proiektu hau egin genuen konturatu ginelako jende asko txarto ari zela pasatzen, beharra zuela. Gure laguntza ondo etorriko litzaiekeela pentsatu genuen", diote.

Besoak gurutzatuta geratu beharrean, neska gazte hauek neurriak hartzea erabaki zuten. Oraindik helduen esperientziarik eta baliabiderik ez bazuten ere, zerbait egiteko erabakia hartu zuten. Horrela sortu zen "Munduari Kolorea Ematen" izeneko elkartea, euren inguruan beharra dutenei elikagaiak ematea helburu zuena.

13 urteko gazteak dira. Talde hau berezi egiten duena daukaten ilusioa eta gogoa dira. Gazteak izan arren, gizarte-arazoez jabetzea eta horri buruz zerbait egiteko helduak izan arte ez itxarotea garrantzitsua zela ulertu zuten. Iazko bilketaren ondoren Gipuzkoako Elikagaien Bankuko kideek esker ona azaldu zieten , “horren gazteak izan arren, horrelako laguntza handia emateagatik”,  eta Gipuzkoako Zuzendaritzako ordezkarien eskutik diploma bana eta opari batzuk jaso zituzten neskek pozarren.