“Munduko musikekin bertsotan” arituko dira Oskar Estanga eta Jon Martin gaur iluntzean Rugby taldekoen karpan
2016/06/15
08:50
eta kitto!
Karpa girotzeko hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte Eibarko Rugby Taldekoek: gaur, eguaztena, 20:30etik aurrera Oskar Estanga eta Jon Martin bertsolariek “Munduko musikekin bertsotan” izenburukoa eskainiko dute, …eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatu duten emanaldian; bihar (eguena), 19:00etatik 20:00etara marinaje jardunaldia egingo da, garagardoetan aditua den lagun batekin; eta domeka goizean Eibarko Txirrindulari Elkartekoen sari banaketa hartuko dute karpan. Horrekin batera, aste osoan hainbat sari banatuko dituzte “Desperados” garagardoarekin.
Atzo arratsaldean zabaldu zuten Eibar Rugby Taldekoek XI. Garagardo Jaia Untzagan. Aurten Eibartarrak foball taldea omendu dute, taldearen sorreraren 25. urteurrena bete dela eta. Domekara arte egunero zabalduko dute karpa, zapatura arte 19:00etatik 00:30era eta domekan, berriz, 11:30etik 21:00etara. Azken egun horretan, gainera, menu berriak eskainiko dituzte. Bestela, ohiko eskaintzaz gozatzeko aukera izango da: era guztietako garagardoak eta Alemaniako janaria (saltxitxak, hanburgesak, brotxetak eta ukondoa) ipiniko dituzte salgai.