Murrategi auzoa “atzerapenik gabe” biziberritzen hasteko eskatu du Eibarko EH Bilduk
Eibarko EH Bilduk Murrategi auzoa “atzerapenik gabe” biziberritzen hasteko eskatu dio PSEri. Gaur goizean helarazi digun prentsa-oharraren arabera, “2023ko aurrekontuetan, Espainiako Gobernuarekin, Murrategi auzoa biziberritzeko 3 milioi euroko akordioa lortu zuen Euskal Herria Bilduk Legebiltzarrean. Ez dago aitzakiarik, beraz, biziberritzea errealitate bihurtzeko. Murrategirako inbertsioa hiriarentzat estrategikoa da, eta Eibarko ekialdearekin dugun konpromisoaren erakusle da”.
EH Bildu-k adierazi duenez “2016an egindako azterlan batek Murrategi eremu degradatu izendatu zuen; hori dela eta, 2019ko ekainean, Murrategiko Birgaitze Integratuko Plan Berezia (BIPB) idatzi zen, inguruko bizilagunen parte-hartzearekin. Plan hori 2021eko ekainean osoko bilkuran onartu zen, baina PSEk ez du aurrera egin. Are gehiago, duela gutxi arte, PSEk ez zekien EH Bilduri esker jasotako 3 milioi euroak non zeuden ere! BIPBan ezarritako egikaritze-denborak ez dira errespetatzen ari: ez Murrategi kaleko urbanizazio-obrak, ez aparkaleku berrietarako obrak, ezta aldez aurreko urbanizazio-proiektuak ere (2023rako aurreikusitakoak)”.
Auzoa birgaitzeak hainbat hobekuntza ekarriko dituela nabarmendu dute: lursailak erostea eta ondoren parke eta aparkaleku bihurtzea, ibilgailuentzako sarbideak hobetzea, galtzadak birgaitzea, inguruko argiztapena hobetzea eta auzoa beharrezko hiri-altzariz hornitzea.
Murrategi biziberritzeko aukera paregabea daukagula uste dute, “baita bizilagunei beren etxebizitzak birgaitzeko lanetan laguntzeko ere, eta nola ez, ibaiari balioa eman eta aisialdirako gune berriak sortzeko. Izan ere, BIPB plana idatzi eta onartu zenean ez genituen 3 milioi euroak orain badauzkagu. Dagoeneko eginda beharko lukeenari ekin behar zaio behingoz; dirua badaukagu jada jarduteko, horregatik, lanak hastea premiazkoa da, besteak beste, gaur egun ibaira zuzenean doazen hainbat eraikinetako ur beltzak saneatzea ezinbestekoa baita”.