Mursegok “Sukramarkus” performance berria aurkeztuko du azaroaren 13an Iruñaldia 2025 festibalean

Markos Gimenoren palindromoak dira Maite Arroitajauregik sortu duen lan honen abiapuntua.
Mursegok “Sukramarkus” performance berria aurkeztuko du azaroaren 13an Iruñaldia 2025 festibalean
2025/11/04 19:29
Silbia Hernandez Arrazola

Datorren astean aurkeztuko du Mursegok (Maite Arroitajauregik) Sukramarkus performance berria Iruñean, Iruñaldia 2025 festibalaren baitan. Eibartarrak azaroaren 13an (eguena) taularatuko du Markos Gimenoren palindromoetan oinarrituta sortu duen ikuskizuna, 20:30ean Kondestablearen Jauregian, eta sarrera dohainik da. Musikagilearen berbetan, “Markos Gimenok sortutako palindromoen berrirakurketa librea da sormen honen xedea”.  Musikak, performanceak, umoreak eta “hizperimentuek” bat egiten dute Sukramarkus izenburuko ikuskizun honetan. 
Urrian Gasteizen eta Arrasaten eskaini zuen performancea eta, Iruñean aurkeztu ondoren, Ermuan (azaroaren 29an) eta Deban (abenduaren 20an) ikusteko aukera egongo da.