Musika, antzerkia eta dantza uztartzen dituen “Herejia” aurkeztuko dute zapatuan

Musika, antzerkia eta dantza uztartzen dituen “Herejia” aurkeztuko dute zapatuan
2019/09/11 11:00
eta kitto!
Hogei kidetik gora dituen Durangoko Bogoroditsie abesbatzak “Herejia” ikuskizuna taularatuko du zapatuan, 20:30ean Coliseo antzokian. Ikuskizunak XV. mendean, Alonso de Mella frantziskotarrak sustatutako mugimendu heretikoaren kontrako jazarpena du oinarri. Sarrerak 8 euro balio du (6 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin) eta aldez aurretik erosteko aukera dago, internet bidez edo Coliseoko lehiatilan astelehen eta barixakuetan, 17:30etatik 19:30era.

Musika, antzerkia eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute zapatuan, Ion Ugarrizaren zuzendaritzapean eta, azaldutakoaren arabera, “hiru diziplina artistikoak ezkonduz eta interpretazioa propio zainduz, giro berezia sortu eta bertan murgildu nahi da ikus-entzulea”. Testua Josu Unzuetak idatzi du, eta antzezleak Ernesto Barrutia (inkisidorea) eibartarra eta Izaskun Iturrioz (sorgina) izango dira. Dantzaz eta koreografiaz, berriz, Beñat Urrutia Dantzerti taldeko dantzaria arduratu da. Klabikordiorako moldaketak Roberto Oviedok egin eta joko ditu. Eta ikuskizunean zehar entzungo diren 12 musika-konposizioak Amaia Urzainkik (lamia) eta Bogoroditsie abesbatzak abestuko dituzte.

https://youtu.be/GVe6EK6hZUE

2017ko urrian estreinatu zen ikuskizunaren sortzaileen berbetan, “1439. urtean, Alonso de Mella, Guillermo de Alvisa eta Angel Tovar frantziskotarrak Durangora etorri ziren, eta otoitzaren eta karitatearen bidez bikaintasuna lortzen zela aldarrikatu zuten. Amodio librea eta ondasunak elkarren artean banatzea zen legea, beti ere karitatearen izenean. Denbora gutxian, jarraitzaile ugari izan zituen mugimenduak. Baina elizaren eta erregearen legeak urratzen zituztela salatu zuten, eta  Inkisizioa Durangora etorri zen. Prozesu anker eta bortitz baten ondorioz, berrogei durangar baino gehiago epaitu zituzten; haietako hamaika erre egin zituzten, eta beste zazpi emakumeren gorpuak lurpetik atera, erre eta errautsak lau haizetara bota zituzten. Prozesua bereziki gogorra izan zen emakumeekin. Izan ere, zigortutako gehienak emakumeak izan ziren”.

“Herejia” ez da, baina, Durangoko gertaera ilun haien kontakizun erreala: “Gertakari historikoetan oinarrituta badago ere, modu librean egiten da errelatoa. Jazarpena bizi izan zuten gizon-emakumeei gorazarre egin eta era guztietako bidegabekeriak salatu nahi dira ikuskizunaren bidez”.