Musika jaialdien antzera Arrateko zelaian

Musika jaialdien antzera Arrateko zelaian
2023/09/06 11:52
eta kitto!
Arrateko Jaiek asteburuarekin bat egiten dutela aprobetxatuta, saio bikoitza izango dugu aurten Arrateko zelaian eta, beraz, musika gehiago. Eibarko zein Euskal Herriko beste toki batzuetako taldeak zuzenean entzuteko aukera izango dugu, urte asko oholtza gainean daramaten taldeak eta gaur egun gero eta oihartzun handiagoa izaten ari direnak.

Captura de pantalla 2023-08-30 a las 09.57.45

 

HOFE X 4:40

Igotz Mendez abeslariak (Hofe) eta produkzio lanetan aritzen diren Xabier Lafuentek eta Marcos Galechek (4:40) osatzen dute ‘Hofe x 4:40’ hirukotea. Taldearen ibilbidea oso luzea ez den arren, hiru lagunek bost urte baino gehiago daramatzate Iruñeko musika eszenan egurra ematen. Adibidez, Nibbass kolektiboko kide izan ziren.

2022an, ‘Amodioa’ lehen mixtapea kaleratu zuten Oso Polita zigiluarekin eta berehala lortu zuten oihartzuna, bertan bildu baitzituzten Chill Mafiako Kiliki eta Suneorekin batera 2 Esku 2 Laban abestia edo MzMz (Tek) abestia, besteak beste. Hainbat genero uztartzen dituzte bertan, hala nola, trap, new wave, synth pop, garage, pop eta rap doinuekin. Horrela, abesti dantzagarriak sortu dituzte, letra adierazgarri eta indartsuekin, zinema munduko erreferenteei men eginez eta estetika bisuala asko landuz.

Azken hilabeteotan hainbat kontzertu eskaini dituzte han eta hemen, baita BBK Liven ere, eta Arrateko zelaian giro berezia sortuko dutela ia ziurra da, hankaz gora jarriz.

 

KOKEIN

‘Kokein’-ek ez du aurkezpenik behar. Herriak eman duen musika talderik garrantzitsuenetakoa da eta, beti bezala, gozamena izango da eurak zuzenean ikustea.

1999an sortua eta beti indartsu, eibartarrek martxa betean jarraitzen dute ‘Atomika’ diskoa kaleratu ondoren. Rock doinuak ardatz, taldeak izan duen bilakaera atzeman daiteke bertan eta, burua astintzeaz gain, gorputza mugitzeko erritmoak oparitzen dizkigute. Eta diskoa indartsua bada, prestatu zuzenekoa bizitzeko, eztanda egiten duen taldea baita.

 

SUA

Anek (ahotsa), Janirek (baxua eta teklatuak), Julenek (gitarra) eta Estebanek (bateria) sortu zuten taldea 2018an eta ia hasieratik eman zuten zeresana, 2019an Gaztea Maketa Saria irabazi baitzuten. Gero, 2020an, ‘Ordu beltzak’ kaleratu zuten, euren lehen diskoa, eta urte bereko azaroan Gaztea Saria irabazi zuten.

Adierazpenari askatasuna emanez eta inprobisazioa oinarri izanda, abesti lasai eta sakonenetik bizienetara pasatzen da, abesti bakoitzetik esperientzia bat eginez.

 

MUGI PANDEROA

Zaila zirudien Egan talde mitikoaren lekukoa hartzea Arrate Eguneko erromerian, baina Mugi Panderoa taldeari esker festa giroak bizi-bizirik jarraitzen du gauak Arrate iluntzen duen arte.

Eibartarrek modu bikainean jartzen dute dantzan inork baino hobeto ezagutzen duten Arrateko zelaia eta estilo askotako doinuak eskaintzen dituzte horretarako. Gainera, nekaezinak dira. Beraz, gorde indarrak barixaku arratsalderako, ezin duzu huts egin eta!

 

OPILAK

Orain dela aste batzuk zabaldu zuten opildegia Ermuko hiru lagun hauek eta euren herriko jaietan, txosnagunean, saioa eskaini ondoren, Arraten izango ditugu dantza gozoak eskaintzeko.

Arrate Eguneko gauean izango dugu euren eskaintzaz gozatzeko aukera, 04:00etan hasiko den kukurruku txapelketa aurretik. Kukurruku egiteko indar faltan egonez gero, pasa opildegitik energia berritzera, dantza eginez lortzen den energia berezi hori.

 








View this post on Instagram


A post shared by OPILAK (@opilak_)