Musikarekin eta lehiaketekin ospatuko da larunbatean Saskibaloi Eguna

Saskibaloian trebatuak direnek euren abilezia erakutsi ahal izango dute eta kirola probatzeko aukera ere egongo da
Musikarekin eta lehiaketekin ospatuko da larunbatean Saskibaloi Eguna
2026/05/19 12:27
Ekhi Belar Errasti

Asteburu honetan saskibaloia izango da protagonista herrian, Eibar Saskibaloia taldearen eskutik. Horrela, larunbatean, maiatzak 23, Saskibaloi Eguna ospatuko da Untzagan 10:00etatik aurrera eta, kirolaz gozatzeko aukera emateaz gain, txosna jarriko dute musika, janaria eta edatekoa eskaintzeko, KIA etxeko auto bat probatzeko aukera egongo da eta Lacturalek opariak emango dizkie jokalariei.

Esan bezala, 10:00etan emango zaio hasiera egitarauari saskibaloi proba batzuekin, 14:00ak arte. Horrela, 3 vs 3 lehiaketa, hiruko jaurtiketen lehiaketa eta gaitasun probak egingo dira. Ondoren, sari banaketa egingo da eta, horrekin amaituta, zozketa.

Hauek izango dira banatuko dituzten sariak: Bilbao Basket taldeko jokalariek sinatutako ACB Wilson baloia, Bilba Basketekoek sinatutako kamiseta, Artesanos Juantxoren elikagai eta edari sorta, bi lagunentzako bazkaria edo afaria Azkena tabernan, eta pilo hori-urdina eta Eibar Saskibaloiaren bufanda.