Mutrikuko Malen Jaiak ospatuko dira bihartik hilaren 25era arte
Gazte Egunak emango die hasiera bihar Mutrikuko Malen jaiei. 12:30ean txupina botako dute eta jolasak egingo dira. 15:00etan, bazkaria egingo da txosnagunean, eta bazkalostean bingo musikatua egongo da. Txosnak 20:00etan irekiko dituzte eta Afrika Bibangek kontzertua eskainiko du 22:30ean.
Jaiak berez domekan hasiko dira, 18:00etan botako baitute Malen jaien txupinazoa. Ondoren, kalejiren eta dantzen ondoren, 20:00etan danborradaren txanda iritsiko da. Eguna Oihan Vega disko-festarekin eta playback lehiaketarekin amaituko da.
Malen Egunerako, 22rako, egun osoko egitaraua prestatu dute. Musika Bandak bi saio eskainiko ditu, haur-parkea egongo da goiz eta arratsaldez, sokamuturra egongo da, baita herri-kirolak ere, eta Desgaraian, Puro Relajo eta Mugi Panderoa taldeek kontzertua eskainiko dute. Tartean, 23:00etan, su artifizialak botako dituzte.
Hilaren 23a Txiki Eguna izango da eta haurrentzako ekintzak antolatu dituzte: marrazki lehiaketa, erraldoiak eta buruhandiak, zirko ikuskizuna, umeen danborrada eta disko-festa, besteak beste.
Eguaztena Kuadrilla Eguna izango da eta, haur-parkea jartzeaz gain, trikipoteoa, sokamuturra eta erromeria egingo dira. 22:30ean, bestalde, Bulego taldeak kontzertua eskainiko du.
Jaiekin amaitzeko, Santixo Eguna ospatuko dute 25ean. Goizean pintura lehiaketa egingo da eta eguerdian txakolin dastaketa. 19:00etan Amets Arzallus, Alaia Martin eta Ane Labakak bertso-saioa eskainiko dute.