Nafarroa Oinez eguna ospatuko da domekan Zangozan
Zangozako Ikastolak aurkeztutako Nafarroa Oinez 2024ko egitaraua zapatuan hasiko da, Asteburua Oinez-ko programarekin. Behin domekara iritsita, jaialdia hiru gunetan banatu dute:
– Piztu gunea (lehen gunea) Zangozako bandarekin esnatuko da. Eguerdian Motxila 21 taldeak joko du eta, ondoren, Mingain Dantzari ikuskizuna. Ortzadar taldeak bazkalostea girotuko du eta Eztitan taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango dute. Larrain Dantzarekin itxiko dute eguna. Gune honetan txikienek puzgarriez eta haurren hiriaz gozatuko dute.
– Mintzatu gunea (bigarren gunea) Gora Musikarekin hasiko da. Ondoren, Herri Kirolak, Dj Martzel, Ibil Bedi, Anari eta Lumak. Gainera, tailerrak egingo dira egunean zehar.
– Gozatu gunea (hirugarren gunea) Falkoneriaren ikuskizunarekin hasiko da eta ondoren Kiki Koko eta Moko. Gune honetan Leihotikan, Kaleko Urdangak eta Trikidantz entzun ahal izango dira. Eremu horretan kokatuko dira zezen mekanikoa eta “barredora”.
Ibilbidean zehar Ekialde Kantuz, Eskartxa, katxi eta Ilunberriko txarangak, Zangozako eta Irunberriko gaiteroak, Oibar edo Zangozako erraldoiak, Mugarik Gabeko Ttunttuneroak, Xapiru Trikitxa Eskola, Euskal Herriko Joaldunen Biltzarra…
Erronka, Nafarroako 11 ikastoletako ikasleak biltzen dituen ekimenak, euskara eta ohitura osasungarriak bultzatzeko asmoz, bere protagonismoa izango du eta ibaian hasi, ibilbidetik igaro eta Gozatu eremuan amaituko diren lau proba izango ditu. Edizio honetan ere Bernat Etxepare Lizeoaren txaranga eta Dj-a girotuko du.