Nagusien eskubideen aldeko manifestazioa egingo da bihar eguerdian Eibarren
Pertsona nagusien eskubideen aldeko manifestazioa deitu dute biharko (urriaren 4rako) AGIJUPENS (Erretiratu eta Pentsiodunen Gizarte Zentroen Gipuzkoako Federazioa), Eibarko Duintasuna, Eibarko Pentsionisten Taldea, Eibarko Emakume Pentsionistak, Berrarmatzearen Aurkako Intsumisoak, Eibar Palestinarekin eta Eibarko Gerrarik ez elkarte eta taldeetako ordezkariek. Mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Untzagatik, eta ondoren, 14:30ean, herri-bazkaria egingo da, udaletxeko arkupeetan. Bazkarirako tiketak Guridi tabernan daude salgai, 15 eurotan.
Aipatutako kolektiboek bilera egin zuten aurreko astean, eta bertan adostu zituzten biharko mobilizaziorako aldarrikapenak: pentsioetan genero-arrakalarik ez egotea; gutxieneko pentsioa lanbideen arteko gutxieneko soldataren parekoa izatea; kalitatezko osansungintza publikoa; gerrarik ez egotea; eta gastu militarrak Gizarte Zerbitzuetara bideratzea. Manifestazioa deitu dutenen arabera, bada garaia prekarietatearen eta bidegabekeria sozialaren aurka ahotsa altxatzeko, eta herritar guztiak bihar eguerdian Untzagatik irtengo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte.