Nahitaezko maskarari adio
Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta farmazietan maskara derrigorrean erabili beharrik ez izatea. Gomendagarriak izango dira aurrerantzean ere, baina derrigorrezko erabilerari eutsiko zaio soilik ospitaleetako gune jakin batzuetan; hain justu, gaixo larriak eta immunodeprimituak dauden eremuetan, ebakuntza geletan eta zainketa intentsiboetako unitateetan. Gaur edo bihar sartuko da indarrean aldaketa, behin Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.
2020ko abendutik nahitaez bete beharreko arau bat desagertuko da hala. Maskararen erabilera orokortuta egon zen hilabete askotan, toki publiko askotan. COVID-19ari aurre egiteko osasun agintariek erabilitako neurri nabarmenenetariko bat izan zen hilabete ugaritan. Apurka, neurriak arintzera egin da, eta osasun zentro eta antzekoak izan dira derrigorrezko erabilera izan duten azkenak. Espero zen, hala ere, aldaketa eremu horietan ere.
Izan ere, joan den hilean, ekainak 23 zituela, justu zentro mota horietan maskara nahitaez erabiltzeko derrigortasuna kentzea erabaki zuten Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako osasun arduradunek, Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Kontseiluan. Azken ebazpena besterik ez zen falta ordutik. Osasun ministro Jose Miñonesek atzo esan zuen pandemiatik «indartsuago» atera dela gizartea, eta, arduraz jokatu behar dela ahantzi gabe ere, izurri urteei «adio» esateko egunak direla hauek. Gogoratu zuen, hala ere, adinekoen egoitzetan-eta, sintomak agertzen badira prebentzio neurriak «indartzeko» modua egongo dela beti.
Ministroaren arabera, bi zio nagusik ahalbidetu dute erabakia. Birusaren omikron aldaera ez da hain erasokorra, gaitza samurtu egin du horrek, eta txertatuta daude herritar asko: horrek ere apalarazi egin du izurria. OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak maiatzaren 5ean bertan behera utzi zuen osasun larrialdia. Neurriak arinduta ere, gaitzaren gaineko kontrol epidemiologikorako neurriek jarraituko dutela esan duten ministerioko iturriek, ezin direla horiek baztertu. Osasun publikoko auzia da oraindik.
Apurka-apurka
Iragan neguan, otsailean, erabaki zuen Espainiako Gobernuak garraio publikoan maskara jartzea derrigorrezkoa ez izatea, izurriaren intzidentziaren bilakaera epidemiologiko ona zela eta. Trenetan, hegazkinetan, autobusetan eta metroan erretiratu zuten haren derrigorrezko erabilera. Optiketan, ortopedietan eta audioprotesi zentroetan ere derrigorrezkoa ez izatea onartu zuten.
Ipar Euskal Herrian, iazko maiatzetik ez da beharrezkoa maskara leku publikoetan. Frantziako Gobernuak 2022ko maiatzean kendu zuen maskara leku publikoetan derrigorrez erabiltzeko legea. Ordutik, osasun egoitzetan ez da beharrezkoa izan, baina egoitza bakoitzaren esku izan da haren erabilera zehaztea. Baionako ospitalean, kasurako, aurtengo apirilera arte beharrezkoa zen maskara erabiltzea; hilabete horretan kendu zuten neurria. Nolanahi ere, sintomak izanez gero «gomendagarria» dela argi utzi zuten neurria bertan behera uztean.