NANaren eta pasaportearen bulegoak egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu du EAJ-PNVk
Gogora ekarri zuenez, NANaren eta Pasaportearen Bulegoaren irekiera 2016ko maiatzean iragarri zuten Eibarko EAJ-PNV udal taldeak eta Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak, udaleko eta Gorte Nagusietako ordezkari jeltzaleek bi urtez elkarrekin lan egin ondoren. Mendicuteren berbetan, “2015eko azaroan mozio bat aurkeztu genion osoko bilkurari, eta adostasun zabalarekin onartu zen. Hori erabakigarria izan zen Madrilgo talde parlamentarioak Gobernuarekin zituen negoziazioetan bultza zezan”.
Mendicutek emandako datuen arabera, EAJ-PNVk aurreko legealdian lortutako NANa eta pasaportea izapidetzeko bulegoak 48 udalerritako 350.000 bat biztanleri ematen die zerbitzua eta, 2018ko urtarrilean zabaldu zenetik, 55.762 dokumentu, 48.716 nortasun-agiri eta 7.046 pasaporte izapidetu ditu guztira. Jeltzalearen berbetan, “NANaren bulegoa berreskuratzea da EAJren lanaren adibidea, Eibarrek erakargarritasuna berreskuratzeko”.