Negozio ideia lantzeko edo enpresa-proiektua martxan jartzeko Lanbideren dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko dirulaguntza deialdia abiatu du. Debabarrenean negozio ideia bat landu edo enpresa-proiektu berria martxan jarri nahi duten herritarrek Debegesa garapen agentziaren bitartez egin dezakete eskaera, eta eskabideak aurkezteko epea urriaren 11n amaituko da. Dirulaguntzaren inguruko zalantzak argitzeko, Debegesak saio informatiboa antolatu du irailaren 26rako (eguenerako), 10:00etan Debegesan bertan. Ez da beharrezkoa izena ematea bertaratzeko. Dirulaguntza hauek bideratzeaz gainera, Debegesak aholkularitza eta beharrezko duten laguntza eskainiko die ekintzaileei eta plazak mugatuak dira.
Dirulaguntzen zenbatekoari dagokionean, negozio ideia lantzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek %15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste %15 emakumezkoa bada.
Laguntza eskatzeko interesa duten herritarrek dokumentazioa Debegesaren bulegoetan aurkeztu behar dute. Informazio gehiago eta bete beharreko eskabide-orria eskuragarri dago Debegesaren webgunean. Halaber, argibide gehiago 943 82 01 10 telefonora deituz edota ekintzaile@debegesa.eus epostara idatziz eskuratu ahal izango dute interesa duten guztiek.