Neguko arropa bilketa solidarioa antolatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Eibarren
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak neguko arropa eta oinarrizko material bilketa antolatu du, kale egoeran dauden pertsonei negu gorrian laguntzeko. Ekimenaren helburua ez da soilik materiala biltzea, kalean bizi diren pertsonen egoera salatu eta herritarren inplikazioa bultzatzea ere bada.
Bilketa Abenduaren 27an izango da, 12:00etatik 14:00etara, Untzaga plazan. Besteak beste, honako material hau jasoko da: mantak, lo-zakuak, esterillak, neguko zapatak, bufandak, eskularruak eta negurako arropa orokorra. Antolatzaileek adierazi dutenez, soilik egoera onean dagoen materiala jasoko da.
Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du bildutako materiala aurrerago banatuko dutela, kale egoeran dauden pertsonen beharrei egokituta. Dagoeneko harreman zuzena dute laguntza eske daudenekin.
Azkenik, ekimena antolatzen lagundu nahi duen herritarrik balego, sindikatuarekin harremanetan jartzeko honako telefono zenbakia eskaini dute: 688 695 625.