Neguko Bola txapelketaren lehen jardunaldian eibartarrak aurreneko postuetan

Neguko Bola txapelketaren lehen jardunaldian eibartarrak aurreneko postuetan
2023/12/22 11:13
eta kitto!
Aurreko zapatuan Asola Berri bolatokiak hartu zuen Neguko Bola Txapelketako lehenengo jardunaldian, Boni Plaza markinarra onena izan bazen ere, goiko postuetan sailkatu ziren gure herriko bolatokiko hainbat ordezkari. Plazak zortzi txirlo etzan zituen eta txirlo bakarrera geratu ziren beste hiru bolari, tartean Asola Berriko bi. Euren artekoa parrekotan erabaki eta gero, Udai Zelaia markinarra bigarren geratu zen eta Kepa Rodriguez eta Jose Manuel Perez “Maka” eibartarrentzat izan ziren hirugarren eta laugarren tokiak. Irabazlearengandik bi txirlora, sei botata, zazpikotea sailkatu zen, tartean Asola Berriko hiru: Gari Rodriguez, Jone Perales eta Iker Lazkano. Hurrengo jardunaldia hilaren 29an izango da, 19:00etatik aurrera, Markina-Xemeingo Lauzirika bolatokian.