Negutrail arrakastatsua egin zuten Javi Dominguezen eskutik
Klub Deportiboko Mendi Taldeak eta Kalamua Korrikalari Taldeak antolaturiko Negutrailean bildu zen lagun taldeak goiz ederra pasatu zuen, aski ezaguna den Javi Dominguez Ledo ultra trail korrikalariarekin. Partaidetza handia izan zen (40 mendi korrikalari inguru) nahiz eta ibilbidean lokatza eta haize hotza lagun izan. Bestalde, euririk ez zuen egin eta, horrenbestez, A ibilbidea burutu ahal izan zuten (13,5 kilometroko ibilbidea, Akondia eta Urko tontorrak eginez). Ibilbidean zehar egindako hiru geldialdietan, partaideek entrenamendu, elikadura, lasterketa… eta hainbat gairi buruz egindako galderak erantzun zituen Javi Dominguezek, distantzia luzeko mendi lasterketetan bikain moldatzeaz gain, jendearekin harremanean ere ezin hobeto moldatzen dela erakutsiz.
Javik emandako azalpenetan argi utzi zuen, ultratrailean mundu mailan erreferente bat izan arren, “pertsona arrunta, gertukoa eta apala dela, egunerokotasunean familia, lana eta mendiko lasterketak uztartuz, eta errendimenduaren gainetik mendiaz gozatzeari lehentasuna emanez”. Esperientzia aberasgarria izan zen Negutraileko guztientzat, eta antolatzaileek, partaideek eta Javik gustura bukatu zuten jardunaldia. Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartzera animatu ziren guztiei, eta bereizki Javiri. Hurrengo trail irteera hemendik gutxira izango da, maiatzeko Udaberritraila.