Negutrail borobila bizi izan zen igandean Oihana Azkorbebeitia mendi-korrikalariarekin
Joan den igandean, martxoak 1, Kalamua Korrikalari Taldeak antolatutako Negutrailean parte hartu zutenek esperientzia berezia bizi izan zuten Oihana Azkorbebeitia mendi-korrikalari abadiñarrarekin batera. 13,5 kilometroko ibilbidea osatu zuten, Akondia eta Urko tontorrak lotuz, mendian korrika egiteko baldintza ezin hobeetan.
Ibilbidean zehar egindako hiru geldialdietan, Azkorbebeitiak bere ibilbidearen eta egunerokoaren inguruko xehetasunak partekatu zituen: nola entrenatzen duen, nola elikatzen den, eta nola uztartzen dituen familia, lana eta lehia. Parte-hartzaileak harritu zituen, batez ere, goi mailan urte luzez mantentzea lortu izana entrenatzaile edo plan espezifikorik gabe. Bere hitzetan, mendira gozatzera ateratzen da, distantziak eta desnibelak neurtu gabe, erloju berezirik gabe, sentsazioei jarraituz.
Palmaresari dagokionez, ehun garaipen inguruko uzta du, kilometro bertikaletatik ultratrailetara, Euskal Herrian zein nazioartean. Hala ere, jardunaldian argi utzi zuen erreferente izan arren pertsona xume eta gertukoa dela, errendimenduaren gainetik mendiaz gozatzea lehenetsiz.
Goiza mendian hasi eta mahai bueltan amaitu zen, giro onean. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte-hartzaile guztiei eta, bereziki, Oihanari, bizipen aberasgarria posible egiteagatik.
Eibar100 Trail Erronka
Hurrengo hitzordua dagoeneko begiz jota dute mendizaleek: Eibar100 Trail Erronka. Sei etapatan banatutako 100 kilometroko erronka izango da, 15 eta 18 kilometro arteko tarteekin, Kalamua, Urko, Egoarbitza edo Galdaramiño bezalako tontorrak zeharkatuz.
Guztira, 21 orduko epean osatu beharko da ibilbidea, maiatzaren 15eko 22:30ean hasi eta maiatzaren 16ko 19:00etan amaituta. Etapa guztiak Klub Deportiboaren egoitzatik abiatu eta bertan bukatuko dira.
Izen-ematea zabalik dago eta plazak mugatuak dira. Mendia zain dago.





