Nepaldarrek lurrikarako biktimak omenduko dituzte, 21.00etan Untzagan

Nepaldarrek lurrikarako biktimak omenduko dituzte, 21.00etan Untzagan
2015/05/08 00:00
eta kitto!

Eibarren bizi diren nepaldarrek lurrikararen biktimen omenezko ekitaldia antolatu dute gaurko (barixakureko, hilaren 8rako), 21.00etan Untzagan, eta eibartarrak ekitaldiarekin bat egitera animatu nahi dituzte.
Bestalde, hemen bizi diren nepaldarrek 5.758,42 euro batu dituzte jendearen eskuzabaltasunari esker eta aste honetan bertan diru guztia bankuan ingresatu dute, Eibar, Elgoibar eta Mendaroko herritarren izenean, Gurutze Gorriak laguntza hori bideratu dezan. Herritarren elkartasuna eta laguntza bihotzez eskertzen dute eta euren esker ona adierazteko lerro hauek idatzi dituzte:

ESKERRIK ASKO, BIHOTZEZ, EIBARKO HERRIARI
Eibarren bizi garen Nepaldarrek jendaurrean eskertu nahi dugu Nepalekin eta lurrikararen biktimekin euskal herritarrek erakutsi duten elkartasuna. Untzagan, Elgoibarren eta Mendaron jarri ditugun informazio-mahaietatik jende asko pasatu da eta gure herriarekiko adierazi diguten maitasuna eta elkartasuna jaso ahal izan dugu. Bereziki Gorka Errasti Eibarko Udaleko Inmigrazio Teknikariari eskertu nahi diogu gure alde egindako lana, asko erraztu baitigu dena. Gugandik oso gertu izan dugu lurrikara izan zenetik. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Pedro Escribano zinegotziari eta Miguel de los Toyos alkate jaunari ere.
Eta baita lagundu diguten beste askori: Jaime Esparza, Fernando Retolaza (bere argazkiekin), Arantza Arrieta, Gurutze Gorriko Guadalupe Ruiz eta Sonia Gisasola... Eta baita Eibar, Elgoibar eta Mendaroko Udalei eta hiru herri horietako biztanleei.
Jendeak bere elkartasunarekin 5.758,42 euro eman digu; euretako 3.846,72 Eibarren bakarrik. Diru hori Nepalera laguntza bidaltzeko Gurutze Gorriak duen kontuan ingresatu dugu. Laguntzen jarraitu nahi duten guztiek Gurutze Gorriarekin jarri daitezke harremanetan. Barixaku honetan, maiatzaren 8an, lurrikararen biktimen omenezko elkarretaratzea egingo dugu Untzagan Nepal irudikatzen piztuko ditugun kandelekin. Ekitaldia gaueko 21.00etan egingo dugu eta eibartar guztiak gonbidatzen ditugu bertara.
Eibarko nepaldarrak