Nerea Beitia, Udal Euskaltegia: "Lasterketak guztiondako bilgunea izan nahi du"

Nerea Beitia, Udal Euskaltegia: "Lasterketak guztiondako bilgunea izan nahi du"
2012/09/17 00:00
eta kitto!

- Zein da lasterketaren helburua?
Euskaraz bizi nahi duen jende guztiarentzat bilgunea izatea da asmoa eta, horrekin batera, euskararik jakin barik ere aldarrikapen horrekin bat egiten dutenena ere bai. Garai berri hau euskararen garaia izango dela bermatu behar dugu denon artean. Milaka herritarrek euskaraz bizitzeko erabaki sendoa erakusten badugu, euskaraz bizitzeko baldintzak lortuko ditugu eta, berandu baino lehen euskaraz biziko gara.

- Zer egin behar du lasterketan parte hartu nahi duenak?
Nahi dutenek aldez aurretik izena emateko aukera izango dute, Klub Deportiboan astelehenetik barixakura, 19.30etatik 20.30etara. Izen-ematea internet bidez ere egin daiteke, www.kontseilua.org webgunean eta egunean bertan ere izena emateko aukera eskainiko da, 10.00etatik aurrera Untzagan. Lasterketa, berriz, 11.00etan hasiko da.

- Honezgero ibilbidea ere zehaztu duzue, ezta?
Adinaren arabera lau lasterketa egingo dira. 6 urtera artekoek San Andres eliza paretik ekingo diote lasterketari, Calbetón kalea igaro eta Untzagaraino (200 metro). 6-11 urte bitartekoek Untzagan hasi, Calbetón pasatu, Zuloagatarrenen kaletik jarraitu eta Toribio Etxebarriatik egingo dute antxitxiketan (500 metro). 12-17 urte bitartekoek aurreko ibilbidea birritan egingo dute, 1.000 metro bete arte. Eta 18 urtetik gorakoentzat ibilbidea 5.000 metrokoa izango da: Untzaga, Calbetón, Julian Etxeberria, Toribio Etxebarria, udaletxearen atzeko aldetik Legarrera, handik Amañara, Torrekuan buelta eman eta Ego Gainetik Untzagara, Bidebarrietan behera Urkizu zeharkatu, Barrenara ailegatu aurretik Barakaldo kalerako errebuelta hartu, Urkizutik gora jarraitu Errebal, Toribio Etxebarria eta Untzagaraino.

- Izena ematean zerbait ordaindu behar da?
Haurren izen-emateak euro bi balio ditu eta lasterketaren kamiseta nahi izanez gero, denera 7 euro ordaindu beharko dira. Helduen izen-emateak, berriz, 5 euro balio ditu eta kamiseta nahi dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte. Dena dela, kamiseta hartu ala ez norberaren aukerakoa izango da eta ez da dortsalik izango. Hala ere, parte hartzen duten guztiei diploma emango zaie hasieran, zenbaki banarekin, lasterketa amaitzean egingo den zozketan parte hartzeko.