Nerea Garcia errugbilariak Las Leonas selekzioarekin debutatu zuen
2023/04/11
10:28
eta kitto!
Madrilgo Estadio Central Complutense estadioan jokatutako emakumezkoen 4 Naciones torneoan egin zuen debuta Eibar Rugby taldeko jokalariak. Lehen jardunaldiko 56. minutuan kantxaratu zen Nerea Garcia gernikarra, Las Leonas selekzioan jokatu duen 243. jokalaria bihurtuz. Espainiako taldea Europako txapelketatik dator, bertan gailendu eta gero.
Txapelketako bigarren jardunaldian Hego Afrikako XV-ren kontra jokatu zuten eta selekzio horretan izan zen aurretik Eibar Rugbyrekin jokatu izan duen beste jokalari bat ere. 2019tik 2021era arte, bi denboralditan, Eibarrekin jokatu zuen Babalwa Latsha hamabost modalitateko lehen jokalari profesionala izan da Hego Afrikan.
Bestalde, bertan parte hartu zuen baita Sabrina Poulin kanadiarra ere, denboraldia Eibarko taldearekin jokatzetik datorrena. Bi partidutan lau entsegu egin ondoren, txapelketako puntugile nagusiena bihurtu zen Poulin.