Noka ikastaroa emango dute hilaren 12an

Gaur amaituko da izena emateko epea
Noka ikastaroa emango dute hilaren 12an
2024/12/09 12:33
eta kitto!

Badihardugu euskara elkarteko Aintzane Agirrebeñak noka ikastaroa emango du hilaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, Andretxean. Izena emateko epea, ostera, gaur amaituko da, eta formulario hau bete beharko da horretarako.

Eibarren Akebaik, Eibarko Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta Egoibarrarekin elkarlanean, 2023an Eibarko hitanoa berreskuratzeko bidea hasi zuen eta, emakumeen ahalduntze bidean tresna garrantzitsua izan daitekeela iritzirik, pare bat orduko hurbilpen bat egitea da asmoa, nokaren oinarrizko hitz batzuk ikasteko.

Ekimen honetaz gain, hika berreskuratzeko helburuarekin  Appa hi! mobilerako aplikazioa atera zuten, eta aurten liburuxka bat aterako dute, hikaren inguruko informazio orokorra eta adizki nagusiak eskura edukitzeko.

 

Hikaren gainbehera eta nokaren erabilera eskasa

Eibarren egunerokoa zen hika egitea XX. mendearen amaierara arte, baina azken belaunaldietan desagertzen joan da eta gaur egun gutxi dira hika egiten dutenak herriko kale eta baserrietan.

Gainbeheraren arrazoi nagusiak hauek izan dira:

  • Euskararen desprestigioa gaztelaniaren aurrean (gerraosteko urteetan gaztelerarako joera handia egon zen)
  • Baserritarren hizkeratzat hartzea eta baserritarrak gutxiestea
  • Hizkera takarra eta errespetu gutxikoa dela pentsatzea: ez fiña (eta batez ere emakumeentzako ez aproposa)
  • Erregistroaren beraren mugak: hika ezin zaio edozeini egin.

Hika hitz egiten den herrietan mutilek mantendu dute hika, eta neskek ez. Horren arrazoiak honakoak dira:

  • Neskak hika egitea oso gaizki ikusita egon da. Emakumeak fina eta esanekoa izan behar zuen.
  • Hika mutilen kontu moduan ikusi da, eta guraso batzuek semearekin hika egiten jarraitu dute baina alabekin, berriz, ez.
  • Etxean hika jaso ez duten mutil askok kalean ikasi dute, sozializazio-eremuetan: tabernetan, soziedadean, futbolean, kuadrilakoekin…
  • Emakumeen hika eremu intimora mugatu izan da.