“Nork kontatzen dizu mundua?” helduentzako ipuin kontakizuna egingo dute bihar 19:00etan Arrate Kultur Elkartean
Artean Ix-Ikasgune Feministaren baitan, ikasturteko lehen saioa egingo da bihar (eguena, hilak 19), 19:00etatik 20:30era, Arrate Kultur Elkartean: “Nork kontatzen dizu mundua?” galderaren harira, Nerea Ariznabarreta Izcue eta Micaella Carbajal ipuin kontalariak arituko dira, helduentzat saioa eskaintzen. Antolatzaileen berbetan, “kulturartekotasunetik, feminismotik eta antirazismotik, munduaren narratiba desberdinak ezagutu eta hausnartu ahalko ditugu, helduentzako ipuin kontaketa saio honetan”.
Nerea Ariznabarreta Izcue Eibarren jaioa da, hiri armagile, ekintzaile eta industrialean; baina, haurtzaroko asteburuak aitaren baserrian igarotakoa da. Bertan, istorioetarako eta antzerkirako zaletasunak piztu zitzaizkon eta hauek garatuz joan da han hemenka. 2003an hasi zen ipuinak kontatzen eta geroztik konpainia ezberdinetan jardun du antzezle eta kontalari. Egun, bere konpainian dihardu “NAITA Produkzioak” eta baita “Teatro Gorakada” eta “Xake Produkzioak” konpainietan ere. Esperientziak eta zenbait ikastarok, narratzaile gisa trebatu dute eta bestelako ikasketek, istorioak ahotsarekin, keinuarekin, objektuekin eta kantuekin asmatzera eta kontatzera eraman dute.
Micaella Carbajal (Honduras), emakume migratu eta arrazializatua da, feminista tarteka eta antirazista konbentzimenduz. Ipuin kontalari munduan emakumeen narratiba desberdinak ezagutzearen beharretik hasi zen. Interes handia du narratiba propioak eta kolektiboak sortzen, emakumeak eszenaratzeko apustua eginez, antzinako ikuspegi/begirada kosmogoniko eta sozialentzat baliotsuak diren desberdintasunak eta berezitasunak aitortuz.