Ohitura zaharrari jarraituta, astelehenean San Blas opilak bedeinkatuko dituzte herriko eliza guztietan.
Otsailaren 3an ospatzen den San Blas egunerako elizkizun bereziak egingo dituzte herriko parrokia guztietan. Horrela, astelehenean eibartar askok eramango dituzte sanblasak bedeinkatzera, gure herrian horrenbeste maite dugun ohiturari eutsiz. Pedro Laskurain Eibarko parrokoak jakinarazi digunez, San Blas opilak bedeinkatzeko ospakizun guztiak astelehenean bertan egingo dira, jarraian zehazten ditugun ordutegiari jarraituta:10:30ean San Jose Obrero elizan (Urki); 11:00etan, Karmengo Amaren elizan eta San Pio X.a elizan; 12:00etan, El Salvador elizan (Amaña); 18:00etan, San Agustin elizan; eta 19:00 ,Karmengo Amaren elizan. Goizeko guztiak opilen bedeinkapenak egiteko ospakizunak izango dira, eta arratsaldeko bietan, berriz, opilak bedeinkatzeaz gain, meza ere ospatuko da.