Ohorezko Mailako Eibar Rugby Taldeak badu play-offerako egutegia

Ohorezko Mailako Eibar Rugby Taldeak badu play-offerako egutegia
2024/02/08 12:07
eta kitto!
Dagoeneko emakumezkoen Ohorezko Mailan jokatzen duen Eibar Rugby Taldeak badaki zein datetan jokatu beharko dituen jaitsiera saihesteko play-offaren partiduak. Iberdrola Ligako B multzo horretako partiduak honakoak izango dira: otsailaren 17/18ko asteburuan Pozuelo hartuko du Unben; bigarren jardunaldian, martxoaren 3an, Bartzelonara joango da, bertako taldearen aurka jokatzeko; eta play-offaren azken partidua ere kanpoan jokatu beharko du, Sevillan, bertako Corteva Cocos taldearen aurka.

Aipatutako play-offean azkena geratzen denak maila galduko du, eta hirugarren sailkatzen bada Ohorezko B Mailako azpitxapeldunaren aurka jokatu beharko du promozioa. Fase erregularrean, Barcelona bosgarren izan zen, Corteva Cocos seigarren sailkatu zen, Pozuelo zazpigarren eta Eibar Rugbyk azken postuan amaitu zuen. Fase horretan eibartarrek partidu bakarra irabazi zuten: justu Pozuelo azkenaurrekoari nagusitu zitzaion Madrilen (17-22).