Ohorezko Zilarrezko Mek Eskubaloiak salbazioa lortzeko aurkari zuzena hartuko du Ipuruan
Euren artean zazpi puntuko aldea badago ere, eibartarrak liga amaiera erosoagoa izateko asmoz kantxaratuko dira bihar Ipuruan, bi puntuak bereganatuz gero aldea handitu eta mailari eustea ia guztiz ziurtatuta izango luketelako. Santanderreko Sinfin erasoan duen dinamismoagatik nabarmentzen da, bi pibote irekiak asko erabiltzen dituen sistema batekin eta eraginkortasunez exekutatzen duten 7x6 batekin; funtsezkoa izango da bere golegile nagusia den Sandra geldiaraztea. Defentsan, 5:1 eta 6:0 artean txandakatzen dira, nahiz eta batzuetan sistema irekiagoen alde egin duten. Andoni Perezen taldeak, baina, joko ona ari da erakusten azken aldian eta etxean jokatzea baliatu beharko luke, ondo bidean.
1. Nazional Mailan jokatzen duen gizonezkoen taldeak, bestalde, Egiaren aurka jokatuko du bihar ere, . Bi taldeak irabazteko premiarekin izango dira: eibartarrak sailkapeneko hirugarren postuari eusteko, eta donostiarrak jaitsieratik ihes egiteko itxaropenarekin. Egiaren ezaugarri nagusia joko azkarra eta bertikala da, bai posizio-erasoan, bai trantsizioetan. Duela hilabete bat Antequerara joan zen Asier Garmendiaren baja badute ere, Mikel Royok erasoko erreferentzia izaten jarraitzen du, ligako golegile nagusienen artean. Eibartarren aldetik, Paul osatuta dago; hori bai, Rubenek bajarekin jarraitzen du.