Olatz Salvadorren kontzerturako sarrerak eskuragai daude dagoeneko
Doinu goxoak elektronikarekin uztartu ditu Olatz Salvador abeslari donostiarrak "Zainak eraman" lanean.
2025/02/04
17:22
eta kitto!
Eibarko Udalak antolatuta, Olatz Salvadorren Zainak eman azken laneko abestiez gozatzeko aukera izango da hil honetan. Emanaldia otsailaren 14an eskainiko du abeslariak, 19:00etan hasita, Coliseo antzokian. Sarrerak 10 euro balio du (7 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin).
Olatz Salvador donostiarrak hamar urte baino gehiago daramatza musikaren munduan murgilduta, eta hamaika proiektutan hartu du parte: oso ezagunak diren artistekin (Rosalia, Rozalen, Kiko Veneno, Ariel Rot, Ivan Ferreiro eta beste askorekin) kolaborazioak egin ditu, soinu-bandak konposatu eta ekoitzi ditu, eta gaur egun bakarkako bere proiektuarekin ari da buru-belarri lanean. Eibarrera Zainak eman, bere hirugarren albuma dena aurkeztera dator.
Bakarlari gisa egindako bi diskoetan (Zintzilik (2018) eta Aho uhal (2021) aurkeztutako doinu goxoak, elektronikarekin uztartu ditu Olatzek Zainak eraman lanean.
Udara osoan zehar entzun zen Basan abestia izan daiteke disko honetako abesti ezagunena, baina disko honetan askoz gehiago aurkitu daiteke. Izan ere, Olatzek Alba Morena abeslari kataluniarrarekin eta Izaro abeslari mallabiarrarekin elkarlanean sortutako bi abesti aurkezten ditu, besteak beste.