'Ombuaren itzala' film-proiektua auzolanean gauzatzeko diru-bilketa kanpaina abiatu du Patxi Bisquert aktore eibartarrak
Patxi Bisquert aktore eibartarrak Pello Mari Otaño (1857-1910) bertsolari eta poetaren memoria “ahanzturako zulotik ateratzeko” asmoz, berari buruzko filma, Ombuaren Itzala, ekoiztu du, auzolanean oinarrituta. Horretarako, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ibili da Bisquert, proiektuaren berri ematen. Hiru urtetan 150 aurkezpen baino gehiago egin ditu, eta film-proiektua gauzatzeko azken txanpa baino ez da falta. Pelikula egin ahal izateko behar duen diru biltzeko, crowfunding kanpaina ipini zuten martxan orain dela pare bat aste, Verkami plataformaren bidez. Film honen ekoizle eta zuzendariak dioenez, “kanpainak iraupen mugatua du (40 egun), eta orain arte, heren bat bete dugu. Dakizuen bezala, kanpaina hauek kopuru jakin bat lortzen denean dira arrakastatsuak, gure kasuan 40.000 euro. Epea bukatu ondoren, helburura iristen ez bada, ez da ezer jasotzen”. Hori dela eta, herritarrak ekarpenak egitera animatu nahi ditu. Hainbat modutara lagundu daiteke: www.verkami.com/projects/37275-ombuaren-itzala helbidean ‘proiektuari ekarpena egin’ klikatuta; 662 52 94 55 zenbakira Bizuma eginda; edota pellomarotañoauzolana.eus atarian sarrera-bonoak erosita.