ONCE-ren Antzerki Bienala eta horri eskainitako kupoia aurkeztu dituzte
Urtarrilaren 14tik 17ra XV. ONCE-ren Antzerki Bienala egingo da eta gaur (eguaztena, hilak 8) horren aurkezpena egin dute udaletxean. Ekitaldiaren harira Eibar, Euskadiko beste zortzi udalerrirekin batera, "antzerki itsuaren hiriburua" bilakatuko da datozen egunotan. Antzerki Bienalean zortzi konpainiatako 110 aktorek hartuko dute parte eta erdiak itsuak dira edo ikusmen urritasunen bat daukate. Miguel de los Toyos alkateak eta Conchi de la Fuente Eibarko agentziako zuzendariak A Coruñako Valacar taldeak urtarrilaren 15an Coliseoan taularatuko duten lana, Somos tan imbéciles aurkeztu dute. Ikuskizunerako sarrerak doan izango direla azaldu dute, baina aurretik antzokiko txarteldegian edo ONCE-ren Arraguetako bulegoan eskatu behar dira. Horrekin batera, gaurko ekitaldian aurkeztu duten urtarrilaren 18ko kupoia XV. Antzerki Bienelari eskeiniko zaiola gaineratu dute.