Onddoak ikusgai izango dira Errebal Plazan domeka eguerdian
Zapatuko jarduna goiz-goizetik hasiko da, perretxikoak biltzeko mendi-irteerarekin. “08:15ean irtengo du autobusak Ego-Gainetik. Eskoletako irteera hori Arabaruntz abiatuko da eta guraso eta haurrak Marietan ibiliko dira, beti ere arauak errespetatuz perretxikoak nola eta zenbat biltzeko orduan”. Arratsaldean perretxiko aukeraketa eta sailketa egingo da Errebal Plazan bertan, 16:00etan hasi eta 19:00ak bueltan amaitzeko: “Tarte horretan, Aranzadikoak gurekin izango direla aprobetxatuz, norbaitek zalantzarik argitzea nahi badu etor daiteke guregana”.
Aranzadi Zientzia Elkartekoekin egindako sailkapen horren erakusketa egingo da etzi, 10:30etik 14:00etara, Errebal Plazan. Bertan produktu mikologikoak egongo dira salgai, “horrela perretxikoak dastatzeko aukera izateko”. Astelehenean, azkenik, perretxikoen inguruko hitzaldi dibulgatzailea eskainiko dute Eibarko Klub Deportiboan, 19:00etatik aurrera. Aranzadiko Josian Bereziartuak “El maravilloso mundo de los hongos” izenburutzat duena aurkeztuko du eta “publiko orokorrari zuzenduta dago”.