Opakuatik San Romanera joan ziren Deporreko mendizaleak azken txangoan

Opakuatik San Romanera joan ziren Deporreko mendizaleak azken txangoan
2023/07/06 08:24
eta kitto!
Aurreko asteburuan Klub Deportiboko mendi batzordeak bere urteko egutegian opor aurreko azkenaurreko irteera egin zuen. Hona hemen esperientzia bizi izan zutenek zelan kontatzen duten irteeraren nondik norakoak:

“Autobusak Opakua herrian utzi gintuen; bertatik, berrehun metrora Opakua mendaterantz doan errepide ondotik eta eskuin aldetik abiatzen den bidezidorrean gora, belardi eta haritz eta pago zuhaitz sendoak ikusiz, eroso samar, Opakuako mendatera helduko gora; gainean bertan, errepidea gurutzatuz, ezker alderantz abiatzen den bideak ekialderantz dagi, eta artzantzaren bideari lotuz, GR 282an begiratokia aurrenik eta Munaingo geodesikoa pasatuz, Txumartegi edo Peña Roja gainaren buzoitik, Bikuñako mendatera iritsiko gara. Eskuinerantz desbideratu eta Arnoko laberintoa eta elefantea eta Zalanportilloko arkua,  eta beste hainbat harkaitz txundigarri begiztatuko ditugu, naturaren urtetako lan izugarriak. Baio mendia izango da hurrengoa eta Mirugaineko gailurra gero. Bertatik Atauko menhirra ikustera jaitsiko gara. Legaireko larre-mendi izugarria ikusiko dugu. Ondoren Mendiluzeko harrespilera joko dugu; bertan ere Akarte izeneko menhir interesgarria izango dugu. Erlaitzera itzuli eta Surbe tontorrera igoko gara, gure azken tontorra txangoan. Atauko muinotik jaitsiko gara markak jarraituz, Durruma edo san Roman de san Millan herixkara. Hogei kilometro inguru izan dira baina zeharkaldi egiazki atsegina, zaletasuna sortzeko aproposa”.