Oporrak Bakean egitasmoak familiak behar ditu haur sahararrak hartzeko uda honetan

Programa honen bitartez, haur sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera dute, eta euskal familiek bi hilabetez laguntza eman eta beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera.
Oporrak Bakean egitasmoak familiak behar ditu haur sahararrak hartzeko uda honetan
2025/02/11 11:48
eta kitto!

Saharako Euskadiko Ordezkaritza, Oporrak Bakean programa laguntzen duten udalak eta ekimen hori posible egiten duten elkarte eta harrera-familietako ordezkariak Donostiako Aiete Jauregian bildu dira 2025eko OPORRAK BAKEAN programaren berri emateko. Aurtengo kanpainaren leloa "ESPERANTZARI LEIHO BAT" da. Izan ere, "herri ororen esperantza haurrak direla esaten da eta gu guztion ahaleginari esker, haur horiei Euskal Herrian udako egonaldia eskainiko diegu osasunaren eta bizipozaren leihoa zabalduz", azaldu dute.

Matxoaren 15era arte egongo da  "Oporrak Bakean" programan izena emateko epea irekita. Gogoratu dutenez, 15 urteotan 4.597 haur hartzeko gai izan gara Euskal Autonomi Erkidegoan. 2022an 153 haur saharar etorri ziren, 2023an 183 haur eta 2024ko udan 188 haur ziren. "Aurten ahal den eta ume gehienei eskaini nahi diegu aukera hau eta honek harrera-familia gehiago lortzeko ahaleginetan murgiltzen gaitu. Izan familietara izan aterpetxeetara, ekin diezaiogun lanari anbizioz eta determinazioz, jakinda, lortzen dugun harrera-familia bakoitza izugarri garrantzitsua dela ume hauentzat", azaldu dute. Informazio gehiago nahi izanez gero 696 01 47 86 telefono zenbakira deitu daiteke.

 

Harrera familia izateko gonbitea

2025eko udan harrera-familiez gain, aurten 4 aterpetxe ere izango dira, hiru Bizkaian eta berri bat Gipuzkoan. Familien garrantziaz gain, aterpetxeek elkar zaintza komunitariotik programa horro egiten dioten ekarpena ere azpimarratu nahi izan dute:  "Euskal herritar orori deia luzatzen diogu OPORRAK BAKEAN elkartasun ariketa komunitario eder honetan parte hartu dezan. Deia luzatzen dugu gure etxeetan uztailean eta abuztuan ume saharar bat etxean har dezagun. Erakunde eta eragile asko ditugu gure alde eta bidelagun eta ardura izan arren, erabaki hau norbanakoa den arren, erantzukizuna kolektiboa da; badugu eskarmentua eta harrera-familia handi bat osatzen dugu guztiok. Zu ere konplize izatera gonbidatu nahi zaitugu. Zu ere esperantza-leiho izatera deitzen zaitugu. Zu ere harrera-familia izatera deitzen zaitugu". 

Haur sahararrak gure etxe eta familietan hartzeak euren osasunerako duen garrantzia ukaezina dela gogoratu dute. Errefuxiatu sahararren bizi-baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta gero eta larriagoak diren muturreko klima-baldintzen menpe daude. "Saharako hiru haurretik batek bakarrik jasotzen du hazkuntza egokia izateko behar duen dieta, beraz, OPORRAK BAKEAN programan parte hartzea arnas gune bihurtzen da bai parte hartzen duten adin txikiko umeentzat eta baita haien familientzat ere", azaldu dute.

 

Saharar herriarekin elkartasuna

Herri Sahararrak 45 urte baino gehiago daramatza errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten, munduko basamorturik  idorrenetako batean, euren lurraldera itzuli ezinik. Kanpamentu horietan 14 urtetik beherako 56.000 ume bizi dira, eta horietatik %30ek hazkunde gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura baldintzen ondorioz. 

Oporrak Bakean egitasmoa elkartasun ildo sakonago eta orokorrago baten parte ere badela diote ordezkariek. "Aipagarria da bai harrera-familien eta baita elkarteen ekarpena ere Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetan, urtez urte ahalbideratzen dena. Guztion artean eskolak eta osasun etxeak hobetzen ari gara, gazteen eta emakumeen ahalduntzeari begirako hainbat formazio eskaintzeaz gain sahararrak eurak formatzen ari gara, oinarrizko beharrei erantzunak ematen dihardugu, ur horniketarekin lotutakoak esaterako", esan dute.