Orain dela 10 urte baino gehiago irakurtzen da ...eta kitto! astekaria

Orain dela 10 urte baino gehiago irakurtzen da ...eta kitto! astekaria
2019/06/06 19:35
eta kitto!
…eta kitto! hedabideari buruz egindako azterketaren emaitzak aurkeztu zituzten asteartean Aztiker ikerguneko, Hekimen euskal hedabideen elkarteko eta …eta kitto!-ko ordezkariek Portalean. Aztiker soziologia ikerguneak …eta kitto!-ren gainean egiten duen bigarren ikerketa da hau. Aurrekoa 2008an egin zen. Horrek 10 urteko bilakaera aztertzeko aukera eman du, eta, horrez gain, galdera berrien inguruko informazioa jaso da. Azken hamarkadan igo egin da …eta kitto! astekaria irakurtzen duen herritarren kopurua eta irakurle erdaldunen artean nabarmen igo da aldizkaria erabiltzen dutenen zenbatekoa. Herritarrek oso ondo baloratzen dute aldizkaria, orain dela 10 urte baino hobeto. Eta webguneko edukiak eta sare sozialak ere ondo baloratzen dira.

Aztikerrek egindako azterketaren arabera, …eta kitto! aldizkaria ia Eibar osoak ezagutzen du (%98,9k), eta irakurri izan du inoiz (%95ek). Azken hamar urteetan gora egin dute bi ezaugarriek.

Ikerketa egiteko 600 inkesta egin ziren Eibarren 2018ko amaieran, telefonoz eta etxerik etxe, 18 urtetik gorako biztanleen artean (orain dela 10 urte 16 urtetik gorakoen artean egin zen). Astero 14.963 irakurle ditu astekariak Eibarren (2008an 13.872 ziren), eta inkestatuek emandako puntuazioa oso ona da: 8,2.

Irakurtzeko ohiturari dagokionez, ia hamarretik zazpik azken astean irakurri dute aldizkaria (%69,2k), beste ia laurden batek azken hilabetean (%23,6k), eta azken urtean %5,9k. Irakurtzen den denborari begiratuta, azken hamar urteetako bilakaeran irakurtzen pasatzen den denbora jaitsi egin dela nabaritzen da. 2008an 10 minutu edo gutxiago eskaintzen ziotenak %27,9 ziren (gaur egun %40,2). Aspektu hau informazioa kontsumitzeko modu eta ohitura berriekin lotuta egon daiteke.

Sexuaren arabera aztertuta, …eta kitto! ezagunagoa eta irakurriagoa da emakumeen artean gizonen artean baino, 2008an bezala. Edonola ere, aldeak txikitu egin dira hamar urte hauetan.

Adin tarte guztietan igo da irakurle kopurua, gazteen tartean izan ezik. Adinaren arabera, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta sarbide apalagoa du aldizkariak. 18-19 urte biatartekoen artean erdiarengana (%50,6) iritsi da azken alea eta 65 urtetik gorakoen artean %71,1engana. Orain dela hamar urteko azterketarekin alderatzen badugu, beraz, gazteen artean jaitsi egin da sarbidea eta beste adin tarteetan igo. Elebidunak bakarrik hartuta kontuan, ikusten da zenbat eta zaharrago, orduan eta gehiago irakurtzen dela aldizkaria eta baita denbora luzeagoz ere.

Ikasketa mailari dagokionez, duela hamar urte bezala, ikasketa maila handiko herritarrengana hobeto iristen da …eta kitto! beste sektoreengana baino, nahiz eta emaitzek oso desberdintasun txikiak dituzten ikasketa maila guztien artean. Aurreko txostenean egiten zen hausnarketa bat berreskuratuta, alde txikia izatea esanguratsua da: idatzizko produktu bat izanik, aldizkaria merkatu zabal batengana iristen da.

Lan egoerari ere erreparatu zaio 2018ko ikerketan, aurrekoan ez bezala. Adinaren araberako emaitzek islatzen dutenarekin lotuta, “erretiratu, pentsionista eta etxeko lanetan” dihardutenek irakurri dute gehien azken alea, eta “ikaslea edo ikaslea + lana” egiten dutenek gutxien.

aztiker inkesta aurkezpen23 ...eta kitto!-ko Ana Aizpurua eta Aztikerreko Enara Eizagirre azterketak eman dituen emaitzak aurkezten

Hekimen euskal hedabideen elkarteko Libe Mimenza eta Igor Astibia, eta erdian Ekaitz Olaizola ...eta kitto! Euskara Elkarteko presidentea. Hekimen euskal hedabideen elkarteko Libe Mimenza eta Igor Astibia, eta erdian Ekaitz Olaizola ...eta kitto! Euskara Elkarteko presidentea.

Hizkuntza gaitasuna eta eibarrera
Hizkuntza gaitasunari dagokionez, aurreko ikerketan ateratako ondorio nagusia berresten da: harreman estua dago …eta kitto! irakurtzeko ohitura eta euskara gaitasunaren artean. Baina oraingo ikerketan harreman hori asko lausotu da aurreko aldiarekin alderatuta. Hala, hizkuntza gaitasuna eta azken alea irakurri duen portzentaiaren arteko harremana lineala bada ere, euskal elebidunen artean %77,8k irakurri du azken alea (2008an baino 5 puntu gutxiago) eta erdaldunen artean %57,8k (2008an baino 38 puntu gehiago). Beraz, aldizkaria hizkuntza gaitasun tipologia guztien artean asko irakurtzen dela esan daiteke gaur egun, eta eibartar erdaldun elebakarren artean asko igo da irakurleen kopurua. Beraz, azken hamarkadako bilakaera ikusita, erdaldun asko hurbiltzen da aldizkarira, gainetik begiratzeko bada ere.

Gainerako kultur kontsumoaren arabera, ikusten da …eta kitto!-k sarbide handiagoa duela bestelako euskarazko hedabideak ere erabiltzen dituzten pertsonen artean. Adinaren araberako emaitzekin lotuta, internet sarri erabiltzen duten pertsonen artean –gazteak izan ohi direnak– sarbide txikiagoa du aldizkariak gutxi erabiltzen dutenen artean baino. Aldizkariak erabili beharko lukeen batua-euskalki orekaz galdetuta, iritzi desberdinak jasotzen dira. Hala ere, gehienek “eibarrerari eta batuari, biei toki bera” eskaini beharko litzaiekeela uste dute (%39,9k), eta ondoren “eibarrera gehienbat” edo “eibarrera besterik ez” erabili beharko litzatekeela adierazten dutenak datoz (%38,2 bi aukerak batuta);


15.000 irakurle ditu astero ...eta kitto!-k eta oso balorazio  ona jaso du

Aldizkariaz egiten den balorazioa, 0tik 10erako eskala batean, 8,2an kokatzen da batez beste. Hala, igo egin da azken hamar urte hauetan aldizkariaz egiten den balorazioa. Ideia hori berresten du sartu den galdera berri baten erantzunak: hots, aldizkariak daramatzan 30 urteetan hobera egin duela uste dute irakurleen %71,3k.  Baloraziorik positiboena “gertutasunak” jaso du (69,4ko indizea). Jarraian datoz “paperaren kalitatea” (67,1eko indizea) eta “argazkien kalitatea” (64,9). Aldizkarian datozen atalen inguruan, hobetoen baloratutakoak “aktualitateko albisteak” (74,1eko indizea), “kultura” (69,6) eta “Eibar klisk batean, orri osoko argazkia” (65,4) dira.

…eta kitto!-k eskaintzen dituen zerbitzuen inguruko balorazioa (eskelak, iragarki laburrak eta zorion-agurrak kontuan hartuta) ere oso ona izan da: %58,4k oso ondo baloratzen ditu eta %39,8k ondo. Guztira, %98,2k positiboki baloratu ditu beraz.  Aldizkari plurala bezala ikusten da, eta erakundeek diruz lagundu beharreko proiektu moduan.

Etorkizuneko erronkak
…eta kitto!-k interneten dituen edukien inguruan ere galdetu da inkestan. Hasteko, kontuan izan behar da inkestatutako eibartarren laurdenak pasak ez duela inoiz erabili internet (%26,5ek). Inoiz erabili dutenen artean, %22,5ek erabili du inoiz www.etakitto.eus webgunea. Beraz, begibistakoa da webgunean badagoela hobetzeko tartea. Hala ere webgunea inoiz erabili dutenek oso puntuazio altuak eman dizkiete galdetutako elementu guztiei. Gazte elebidunen artean eragitea litzateke beste erronketako bat, eurentzako produktuak bultzatuz eta erabiltzen dituzten sare sozialetan indar handiagoarekin jardunez. Hedabidearen helburu estrategikoak markatzeko horrelako ikerketek duten garrantzia azpimarratu zuten aurkezpenean berbetan jardun zutenek.

Maquetaci—n 1