Orbeako kiroldegiko fitness gelan hotz eta bero sistema berria jarriko du Udalak
Eibarko Udalak Orbeako kiroldegiko fitness gelan hotz eta bero sistema berria ezarriko du urtarrilean zehar, instalazioaren erabiltzaileek azkenaldian egindako eskaerei erantzunez. Neurri horren bidez, urteko edozein sasoitan kirola egiteko baldintza egokiak bermatu nahi dira.
Udalak azaldu duenez, klimatizazio sistema berria instalatzeko 15.000 euro inguruko inbertsioa egingo da, eta horri beste 5.000 euro gehituko zaizkio instalazio elektrikoarekin lotutako lanak egiteko. Guztira, 20.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko da hobekuntza honetara.
Horrez gain, Udalak iragarri du urteko lehen hiruhilekoan Orbeako muskulazio-gela (indar-makinak) berritzeko lizitazioa egingo dela, 50.000 euroko aurrekontuarekin, hiriko kirol-instalazioak modernizatzen eta hobetzen jarraitzeko.